Cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Webgune hau erabiltzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu. Mesedez, kontsultatu gure lege oharra.
Erakusketak zabalguneen balioa nabarmendu nahi du, izan ere gure hirien esparru nagusiak dira oraindik. Zabalgune terminoak, lehenik eta behin, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Europako hirietan garatu ziren hiri-zabalkuntzako proiektuak izendatzen ditu.
Erakusketak zabalguneen alderdi ugari aztertzen ditu hainbat formaturen bidez, ikuspegi dokumentaletik esperientzia sentsorialera: haien historia, hirigintza-egitura, memoria, eguneroko bizipena eta artearen bidez egindako berrirakurketak.
Luis Tena Núñez izan da erakusksetaren komisiarioa, ikasketak Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egin zituen. Bere lanak arkitektura-jarduna eta hirigintzari eskainitako dedikazio handia uztartzen ditu. Hirigintzaren esparru horren barruan, Iruñeko Udaleko Hirigintzako kudeatzailea eta Hirigintzaren Hastapenak, Urban Morphology eta Hiria eta Paisaia irakasgaietako irakaslea izan da, besteak beste
Erakusketa honen bidez, Euskadiko Arkitektura Institutuak auzo hauen balioa nabarmendu nahi du. Modernitatearen etorrerak hiri-hazkundearen beste eredu batzuk ekarri bazituen ere, zabalguneek denboraren joanari eutsi diote, eta gaur egun ere gure hirietako erdigune nagusietakoak dira.
“Latinoamerikako arkitektura gaztea ” erakusketa, AREAk antolatua eta Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolaren babesarekin.
Argentina, Brasil, Erdialdeko Amerika, Txile, Kolonbia, Mexiko, Paraguai eta Uruguaiko hamalau taldek osatzen dute erakusketan parte hartzen duten 40 urtetik beherako arkitektoen hautaketa.
Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) “Latinoamerikako arkitektura gaztea” erakusketa hartuko du irailaren 27ra arte. Erakusketak Latinoamerikako Arkitektura Bienalaren (BAL) bederatzigarren edizioko edukiak biltzen ditu. Duela 18 urtetik antolatzen den ekimen honek 40 urtetik beherako Latinoamerikako arkitekto gazteek diseinatu eta zuzendutako arkitektura nabarmentzea du helburu.
AREAk antolatutako erakusketa EAIra iritsi da, Institutuak arkitektura herritarrengana hurbiltzeko eta sorkuntza garaikidearen inguruko eztabaida sustatzeko duen bokazioaren baitan.
Arkitekturarik onena ahalmen ekonomiko handiena duten herrialdeetan sortzen dela dioen uste zabalduaren aurrean, “Latinoamerikako arkitektura gaztea” erakusketak erakusten du gaur egun lehen mailako arkitektura ere garatzen dela gizarte- eta ekonomia-arazo larriak dituzten herrialde askotan. Latinoamerika horren adibide bikaina da, eta Bienalak ia bi hamarkadaz frogatu du hori, zorrotz eta koherentziaz.
Euskadiko Arkitektura Institutuan aurkezten den erakusketak gaur egungo zein iraganeko Latinoamerikako arkitekturaren ikuspegi zabal eta ñabartua eskaintzen du. Bertan ikusgai izango da BAL 2025eko arkitektura gaztearen hautaketa, edizio honetako hamalau talde finalistak bilduz. Talde horiek zortzi herrialde edo eskualdetakoak dira: Argentina, Brasil, Erdialdeko Amerika, Txile, Kolonbia/Karibea, Mexiko, Paraguai eta Uruguai.
“Latinoamerikako arkitektura gaztea” erakusketa institutuko kalustroan
BAL 2025eko parte-hartzaileak
2025eko ediziorako hautatutako eta erakusketan parte hartzen duten hamalau taldeak honako hauek dira:
Bisitari bat “Latinoamerikako arkitektura gaztea” erakusketa ikusten kalustroan
>Peña Gancheguiren esku-hartzea posible egin zuten gertakarien ibilbide kronologikoa proposatzen du erakusketak, Haizearen Orraziaren Plaza ulertzeko funtsezkoak diren hiru alderdien bidez antolatuta: dimentsio naturala, arkitektonikoa eta eskultorikoa.
>Okasiorako berariaz erreproduzitutako artxiboko argazkiak eta planoak, argitalpen zaharrak, ikus-entzunezko materiala, krokisak eta jatorrizko bestelako dokumentazioa erakusten dira, baita azken urteetako argazki-erreportajeak ere.
>Erakusketa irailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da, eta Gipuzkoako arkitektoaren efemeridearen barruan kokatzen diren bestelako jarduerek osatuko dute programa.
Itxasoren hitzetan, “gaur erakusketa bat baino askoz gehiago aurkezten dugu. Donostiaren eta Euskadiren memoria kolektiboaren parte den espazio bati begi berriekin begiratzeko aukera aurkezten dugu. Izan ere, Plaza del Tenis eta Haizearen Orraziaren multzoa ez dira soilik leku fisiko bat edo nazioartean ezaguna den postal bat. Arkitekturaren, paisaiaren, hiriaren eta kulturaren arteko harremana ulertzeko modu bat dira”.
Sailburuaren esanetan, Peña Gancheguiren obrak “zerbait apartekoa” lortu zuen: “Gure kostaldeko paisaiarik sentikorrenetako eta indartsuenetako batean esku hartzea, haren gainetik jarri gabe. Itsasoarekin, harkaitzarekin, haizearekin eta, noski, Eduardo Chillidaren eskulturarekin elkarrizketan dagoen espazio bat eraikitzen jakin zuen. Arkitekturak eta arteak elkarri lehia egin beharrean, elkar osatzen duten espazio bat da”.
Hiru dimentsiotan barrena egindako ibilbide kronologikoa
Erakusketak Plaza del Tenis-en elkartzen diren hiru dimentsioen ibilbide kronologikoa eskaintzen du: arkitektonikoa, naturala eta eskultorikoa. Santa Teresa komentuko klaustro zaharraren inguruan, obraren testuingurua definitzen duten gertakariei buruzko dokumentazioa aurkituko du bisitariak, Peña Gancheguiren bizitza eta ibilbide profesionala irudikatzen duten testigantza grafikoekin batera. Sarrera horren ondoren, egindako obran zentratzen da erakusketa, jatorrizko dokumentazioan oinarrituta, eta amaieran berriki egindako birgaitze-lanaren azalpena eskaintzen da, epilogo gisa.
Kontakizuna zortzi etapatan egituratuta dago: gunearen jatorrietatik eta arkitektoaren jaiotzatik hasi (1926) eta 2026an amaitutako birgaitzera arte. Ibilbideko mugarri nagusien artean daude Peña Gancheguiren Madrilgo prestakuntza, Chillidak 1952tik aurrera Tenis Pasealekuaren amaieran eskultura bat jartzeko egin zuen ikerketa, 1963ko Trinidad Plaza —Plaza del Tenis-en aurrekari zuzena— eta 1974 eta 1977 artean multzoaren sorkuntza eta amaiera. Etapa bakoitza ilustratzeko askotariko iturriak erabili dira: okasiorako berariaz erreproduzitutako argazki eta planoak, argitalpen zaharrak, ikus-entzunezko materiala, jatorrizko krokisak eta dokumentazio idatzia, baita azken urteetako argazki-erreportajeak ere.
Argitalpenak, familia-tailerrak eta hitzaldiak
Erakusketarekin batera publiko ezberdinei zuzendutako jarduera-programa bat antolatu da. Lehenengo jarduera ekainaren 5ean hasiko da, institutuaren hezkuntza-taldeak, Maushaus-ek, gidatuko duen “Land Art” familia-tailerrarekin; ekainaren 19an berriz egingo da. Tailer honetan Donostiaren paisaia osatzen duen arkitektura-obra ikoniko honen materialtasuna landuko da, material bakar batetik abiatuta modu librean adieraziz
Gainera, erakusketaren barruan Plaza del Tenis liburuaren aurkezpena egingo da, Peña Ganchegui Funtsaren bildumako laugarren alea. Erakusketaren amaiera baino lehen argitaratuko da, eta irailaren 10ean aurkeztuko dute institutuan, Iñaki Ábalos laguntzaile duen testuaren egilearen presentziarekin. Haren hitzaldiak “Peña Ganchegui, mende bateko ondarea” zikloari hasiera emango dio; udazkenean egingo da, eta aldi berean “Peña Ganchegui, arkitekto ilustratua” erakusketa ere ikusgai egongo da institutuan urritik aurrera. Erakusketa aurretik egindako hainbat mugarriren jarraipen gisa ere ulertu behar da: MAS Context kultura-plataforman argitaratutako artikulu monografikoa eta Mario Sangalliren tesiaren lineako edizioa, biak ere 2026ko martxoaren 29tik eskuragarri, arkitektoaren jaiotzaren mendeurrena dela eta.
> Marrazkien, argitalpenen, kartelen eta pankarten, argazkien, planoen, maketen eta ikus-entzunezkoen bidez esperientzia erradikalak dokumentatzen ditu “Hiria, lehian. Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen inguruko esperimentu kolektiboak (1949-1976)” erakusketak, 1949 eta 1976 urteen artean Italian, Espainian eta Portugalen eman zen etxebizitza-eskasiaren aurrean arkitektura modu kolektiboan nola jorratu zen jasotzen dutenak.
> María García Ruiz eta Moisés Puente dira erakusketaren komisarioak eta Bartzelonako Udalaren La Virreina Centre de l’Imatge-n aurkeztu ondoren iritsi da institutura
> Ekainaren 14ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, eta familiei zein helduei zuzendutako tailerrak eta apiriletik maiatzera egingo den hitzaldi ziklo batek osatutako programazioa izango du osagarri
Zein izan zen arkitektura eta biztanleen erantzun partekatua etxebizitza gabeziaren aurrean testuinguru politiko historiko ezberdinetan? Etxebizitzaren inguruko galdera honi eta beste batzuei erantzuten die gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan inauguratu den “Hiria, lehian. Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen inguruko esperimentu kolektiboak (1949-1976)” erakusketak. Ekainaren 14ra arte egongo da irekita, eta arkitektura oinarrietatik eta komunitateetatik abiatuta, beste garai eta latitude batzuetako etxebizitza-eskasiaren arazo larriak konpontzeko sortu ziren esperientziak aurkezten ditu. Hausnarketa horietan parte hartu zuten, besteak beste, Pier Paolo Pasolini edo Adalberto Libera bezalako figurek Italian; Espainian Aita Llanosek edo Francisco Javier Sáenz de Oízek; eta Portugalen Elvira Leitek edo Álvaro Sizak.
Erakusketa María García Ruiz eta Moisés Puentek komisariatu zuten Bartzelonako Udalaren Virreina Centre de la Imatge-rentzat. Erakusketak XX. mendeko hiru esparru politiko nagusi aztertzen ditu: gerraosteko Italiako berreraikuntza neorrealista, Madril frankistako poblados dirigidos izeneko auzoak, eta Portugalen Krabelinen Iraultzaren ondorengo SAALen esperimentuak (Serviço de Apoio Ambulatório Local: Tokiko Laguntza Ibiltarirako Zerbitzua).
Erakusketak jatorrizko eduki batzuk aurkezten ditu, hala nola Apirilaren 25eko Dokumentazio Zentroaren eta Marques da Silva Fundazioaren maketak eta kartelak, eta 30 erakunde baino gehiagok kontserbatutako piezen erreprodukzioekin osatuta dago: Centre Pompidou, MoMA, Serralves Fundazioa, Portoko Arkitektura Etxea, Mitma, Saenz de Oiza artxiboa eta Madrilgo Erkidegoko Eskualdeko Artxiboa, besteak beste. Aurkezpenean, José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak adierazi du erakusketa bereziki egokia den une batean iritsi dela: “Etxebizitzaren egungo krisia kontuan hartuta, oso egokia da aztertzea nola, iraganeko larrialdi egoeretan, estatu-eredu desberdinek irtenbide anitz sortu zituzten, ikuspegi kolektiboan oinarrituta”. Medinak azpimarratu du, halaber, erakusketak institutuak etxebizitzaren arloan egiten duen lan-ildoari jarraipena ematen diola, 2025ean “Elkarbizitzen. Europako Etxebizitza Kolektiboaren Saria” aurkeztu eta gero.
Bestalde, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak nabarmendu duenez, “etxebizitza eta arkitektura estuki lotuta daudela frogatzen eta erakusten du erakusketa honek, hala nola, arkitekto entzutetsuak etxebizitzaren aldeko borrokan konpromisoz trebatzen direla, beraien ofizioa zerbitzutza gisa, arkitektura konpromiso modura eta etxebizitza kausatzat hartuta”. García Astrainek azaldu duenez, “erakusketa honek hiria izateko eskubideaz eta arkitekturarako eskubideaz hitz egiten digu; eskubide horiek nola lortu eta nola gauzatu aztertzen du”, gaineratu du.
Erakusketaren hiru ardatzak: Italia, Espainia eta Portugal
Erakusketa institutuko bi aretotan egituratzen da, Italiako eta Espainiako testuinguru historiko desberdinak lehen aretoan aurkezten dira eta bigarren espazioa Portugali erreserbatuta dago SAAL prozesuari protagonismo handiagoa emateko, hori baita proposamenen artean erradikalena eta ezezagunena. Italian, gerraosteko Erroman eta INA-Casa Planean (1949-1963) jartzen da fokua, XX. mendeko Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen lehen plan handia. Erakusketak ezagutzera ematen ditu borgate ufficiali delakoak: Mussoliniren faxismoak hiriaren erdigunetik kanporatutako komunitateei ostatu emateko sortutako Erromako hiri bazterretako etxebizitza-multzoak. Halaber, INA-Casa etxebizitza-planak paradigma-aldaketa nola ekarri zuen aurkezten du erakusketak, Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen lehen plan handia, arkitektura neorrealismoaren iruditeria herrikoiari lotutako formen laborategi bihurtu zuena. Borgateen miseria sozial eta estetikoa samingarria zen, baina, paradoxikoki, bizitasun gune bat zen. Dualtasun horrek Pier Paolo Pasolini bezalako intelektualak erakarri zituen, eta errealitate hori dokumentatu zuen Rodrigo Paisen hainbat argazkirekin batera areto honetan ikusgai dagoen “Una vita violencia” eleberriarekin batera. Erroma moderno bat eraikitzeak bizimodu bereziak suntsitzen zituela kritikatu zuen Pasolinik, eta homogeneotasun kultural bat ezartzen zuela salatu zuen.
Testuinguru sozial horren aurrean, gerraosteko gobernu italiarrak etxebizitza publikoa eraikitzeko eta enplegua sortzeko INA-Casa plan nazional handia sortu zuen 1949an, lehen aldiz arkitekto ezagunak etxebizitza sozialen eraikuntzan inplikatuz. Horien artean zegoen Adalberto Libera, Italiako mugimendu modernoaren erreferentziazko arkitektoa.
INA-Casak ekarri zuen paradigma-aldaketaren bi adibide erakusten dira “Hiria, lehian” erakusketan. Adalberto Liberak sortu zuen Tuscolano auzoa da horietako bat: Etxebizitza mistoen multzo bat da, patio-etxeak eta altuerako apartamentuak dituena. Eman zen aldaketa ikus daiteke bertan, arkitektura oso adierazkorra eta lerro modernoak baititu, biztanleentzako elkarguneak asko zaintzen dituena. Centre Pompidouko krokisen erreprodukzioek, argazki historiografikoek eta planoek joan den mendearen erdialdeko errealitate horretara hurbiltzen gaituzte. Halaber, Accademia Nazionale di San Lucca-tik ekarri diren Tiburtino auzoaren planoak eta argazkiak erakusten dira, Mario Ridolfi eta Ludovico Quaroniren lanak.
Herrixkak, esperimentazio eta autokudeaketa eremua
Espainiari dagokion eremuan, 50eko hamarkadako Madril frankistan sortutako herrixkak erakusten dira. Areto honetako pieza nagusia mosaiko bat da, Madrilgo Hiri Antolaketarako Komisaldegiaren azpietxebizitzen erroldako hainbat fitxarekin eginda dagoena. Mosaikoak erakusten duenez, erregimenak txabola-herri horien inguruan zituen kezkak gehiago zentratzen ziren biztanleriaren kontrol moralean, osasun edo populazio metaketetan baino.
El Pozo del Tío Raimundoren kasuak — gaur egun Entrevías auzoa — erakusten du Aita Llanosen iritsierak autokudeaketa eta esperimentazio kolektiboko prozesu bat bultzatu zuela, biztanleen bizi-baldintzak hobetu zituena. Italian gertatu zen bezala, garaiko arkitekto erradikalenetako batzuek etxebizitza sozialak eraikitzen lagundu zuten. Hala gertatu zen Javier Saenz de Oizarekin, non Entrevías auzorako gauzatu zuen proiektua ikus daitekeen “Hiria, lehian” erakusketan. Bertan ikusi daitekeenez, gobernu frankistak etxebizitza sozialen eraikuntza sustatzen zuen bitartean, autogestio-mugimenduak garatzen eta indarra hartzen joan ziren, hala nola SUT-aren eskutik. SUT Lanaren Unibertsitate Zerbitzuak 14.000 ikasle inguru mobilizatu zituen 1950 eta 1969 bitartean 500 auzolandegi baino gehiagotan. SUT-ak sustatutako igandeetako lanetan, unibertsitateko ikasleek beren auzuneak eraikitzen laguntzen zieten langileei. Lan horiei esker «prestazio pertsonala» eskuratzen zuten langileek, eta horrekin, diruz lagunduta ez zegoen etxebizitzaren portzentajea ordaintzen duten. “Hiria, lehian”-en zati honetan erakusten den dokumentazioa Lanaren Unibertsitate Zerbitzuaren Lagunak elkartearen herritarren lanari esker berreskuratu da. Hala, elkarte honetako kideekin erakusketaren inguruko topaketa bat egingo da ekainaren 3an, erakusketa ixteko antolatu den programaren barruan. Orcasitas eta Caño Roto herrixken dokumentazioa ere erakusten da erakusketan, eta bertan zehazten da zein eraikuntzatan parte hartu zuen SUT-ak.
SAAL
Bigarren aretoa Portugali eta SAAL (Serviço de Apoio Ambulatorório Local) programari soilik eskainia dago. Programa hau Portugaleko behin-behineko gobernuak sortu zuen 1974ko abuztuan, Krabelinen Iraultzaren ondoren. Porto bezalako hirietan, etxebiztza gabezia arazo larriak zituzten komunitateei lagundu zien proiektuak, eta XX. mendeko Europako arkitekturaren historian herritarren parte hartze esperimentu erradikalenetako bat izan zen. 26 hilabeteko epean 40.000 seniderentzako 170 etxebizitza-proiektu baino gehiago eraikitzera iritsi zen SAAL programa. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko manifestazioei lotutako kartelak eta pankartak ikusi daitezke erakusketan, baita SAAL-eko brigadisten aktak, txartelak eta petaginak eta prozesu horren liburu zuria.
Aurreko kasuetan bezala, gaur egun goraipatuak izan diren arkitekto gazteek ere parte hartu zuten SAAL-en, hala nola Álvaro Sizak, inplikazio politiko eta sozial handiarekin, brigadista eta iniziatiba honetako parte-hartzaile guztiek bezala. Hala, SAALek herrialdearen iparraldean izan zuen eraginean zentratzen da “Hiria, lehian”, Porto hiriko Sao Victorreko etxebizitzak bezalako obrak erakutsiz. Proiektu honek ezin hobeto erakusten du Ilha Proletaria kontzeptua, lehen industrializazioko langile-etxebizitzei lotua. Sizak kontzeptu hori kontzeptualki zein materialki erabili zuen, lehen industrializazioko langile-etxebizitzen multzo isolatuak hiriko gainerakoekin lotuz. Halaber, Portugali eskainitako atalak Nuno Portas, Álvaro Siza eta Alexandre Alves arkitekto ezagunek Italiara egindako bidaia jasotzen du. Arkitekto horiek estatu horretara joan ziren SAAL-en izandako esperientziak arkitektura eskoletan partekatzeko.
Azkenik, SAALen amaiera azaltzen duen epilogo batekin amaitzen da erakusketa. Mugimendua orokorrean amaitu egin bazen ere, Portoko auzorik xumeenetako batean iraun egin zuen, eta bertan, Elvira Leite artista eta pedagogoak, komunitate horretako haurrekin proiektu esperimental bat hasi zuen. Proiektu horrek 2 urte inguru iraun zuen, eta bertan kalean egiteko proposamen kolektiboak planteatzen ziren, oso baliabide gutxirekin eta imaginazio handiarekin. Espiritu hori bera izango da maiatzaren 23an eta ekainaren 13an egingo diren “Express yourself” tailerraren ardatza.
Programa osagarria
Erakusketarekin batera, publiko familiarrari eta espezializatuari zuzendutako jarduera-programa bat aurkeztu da. Tailerrei dagokionez, ‘L con H/Express Yourself’ izenburu orokorrarekin, bi jarduera-mota proposatzen dira 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat zein helduentzat, 11:30etik 13:00etara, doan eta formatu elebidunean.
Apirilaren 18an eta 25ean egingo diren ‘L con H’ tailerrak Rafael Leoz arkitektoaren ‘Hele’ moduluaren aukera konbinatorioak aztertzea proposatzen dute. Modulu hori 60ko hamarkadan Espainian garatutako eraikuntza modularrari buruzko ikerketa bat da, etxebizitza soziala industrializatzea bilatzen zuena, aldakortasun espazialari uko egin gabe. Maiatzaren 23rako eta ekainaren 13rako antolatutako ‘Express Yourself’ tailerrek kartelak, pankartak eta paskinak modu kolektiboan ekoiztera gonbidatzen dute, SAALen errebindikazio-espiritua eta Elvira Leite artista eta pedagogoaren figura erreferentziatzat hartuta. Izen-emateak doakoak dira eta edu@eai.eus helbidera idatziz egin daitezke. Horrez gain, Euskadiko Arkitektura Institutuak erakusketaren edukiekin lotutako hitzaldi-ziklo bat eskainiko du, maiatzaren 6 eta 20rako eta ekainaren 3rako aurreikusitako saioekin, erakusketa ixteko programa gisa, SUT-eko kideen parte-hartzearekin. Hizlariei eta gaiei buruzko xehetasunak laster iragarriko dira www.eai.eus webgunean.
Komiosarioei buruz
María García Ruiz artista bisuala eta ikertzailea da, arkitekturan lizentziatua, arte eta diseinuko ikerketako masterra duena eta filosofiako doktoregai dena. Bere jarduna arkitekturaren eta pentsamendu kritikoaren bidezko ikerketa artistikoan oinarritzen da, gorputzaren, espazioaren eta gatazkaren arteko harremanak aztertuz. Besteak beste, Vienako Secessionen, Leongo MUSACen edo Tenerifeko TEAn egindako erakusketa-proiektuetan parte hartu du. Moisés Puentek arkitektura ikasi zuen A Coruñako, Erromako eta Bartzelonako eskoletan, eta ibilbide luzea egin du arkitektura-editore gisa Editorial Gustavo Gilin eta 2G aldizkariko zuzendari gisa. 2016an Puente Editores sortu zuen, arte eta arkitekturari buruzko saiakeretan espezializatutako argitaletxea
Zer da arkitektura? erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa-proiektuaren parte da, eta etorkizun hurbilean arkitekturaren alderdi garrantzitsuak erakutsiko ditu modu eskuragarrian, eta, aldi berean, eskuarki bistatik kanpo dauden alderdi ukiezin eta sentsorialetara hurbilduko gaitu.
Proiektua zati edo pieza batzuek osatuko dute, eta bakoitzak erakusketa txiki gisa funtzionatu ahal izango du, hainbat gai jorratuz: ‘Zer da arkitektura?’, ‘Arkitekturaren hizkuntza’, ‘Egiturak eta materialak’, ‘Historia eta Ondarea’, ‘Arkitektura garaikidea’…
Abuztuan eta uztailean, Maushaus Institutuko bitartekaritza-taldeak etorkizuneko erakusketa-proiektu horren prototipo bat landu du. Horretarako, Ohisse talde kanadar espezializatuaren laguntza izan du (https://www.ohisse.ca /). Izan ere, egoitza artistiko baten bidez eta Maushaus, ‘Zer da arkitektura?’ erakusketa-pieza sortu dute.
Proposamen hori Euskadiko Arkitektura Institutuko klaustroan dago, eta arkitektura eraikinen eta hirien eraikuntza gisa duen definizio tradizionaletik harago birpentsatzera gonbidatzen gaitu, gure eguneroko bizitzan amaren sabeletik zuhaitz baten itzaleraino etengabe dagoela aitortuz. Naturan animaliak bizitzeko estrategiak behatzean, hartz-kobazuloetatik hasi eta hegazti-habietaraino, arkitekturak oinarrizko babes- eta intimitate-beharrak asetzeko forma ugari hartzen dituela ohartzen gara.
Oharra: Abuztuaren 25etik 28ra erakusketa ezin izango da bisitatu jarduera bat dela eta.
Euskadiko Arkitektura Institutuak hurrengo uztailaren 8an “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain ” inauguratuko du. Erakusketaren komisarioak Ibon Telleria Julian eta Jon Arcaraz izan dira.
“Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak baserria, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa aurkezten du, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.
Arteek eta literaturak tipologia arkitektoniko horren eraiki duten irudi idealizatua desmitifikatzen du. Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez bere iraganeko errealitatearen dimentsio ezezagunak erakusten ditu.
Argazkia: Mikel Blasco
Euskadiko Arkitektura Institutuak 2025eko lehen erakusketa aurkeztu du gaur goizean: “Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria”, etxebizitza kolektiboari balioa ematen diona eta Europako gizarteak eta ongizate-estatua egituratzeko elementu gisa duen eginkizuna aldarrikatzen duena. Erakusketa ekainaren 1era arte egongo da ikusgai, Institutuak 2023ko azaroan, arc en rêve centre d ‘architecturerekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin abian jarritako Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren ondorio gisa. Aurkezpenean parte hartu dute Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, Goizane Álvarez Kultura, Kirol eta Lankidetza diputatuak eta José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak. Denis Itxaso sailburuak Euskadiren papera aldarrikatu du “etxebizitza-politika berritzaileak eta Europan erreferentziazkoak” bultzatzeko. Politika horiek agerian uzten dute Jaurlaritzak arkitekturarekin duen konpromisoa, “ez bakarrik etxebizitzak eraikitzeko, baizik eta komunitatean nola bizi garen birpentsatzeko, gizarte-kohesioa eta jasangarritasuna sustatzen duten espazioak sortuz”. Halaber, Itxasok gogorarazi du sari hori “inoiz baino beharrezkoagoa” dela, une egokian heldu baita “etxebizitzak gizarte modernoetan jokatzen duen papera balioesteko, banakako bizi-proiektuak errazteko tresna gisa, baina baita komunitatearen ikuspegitik ere, hiri zaintzailearen ikuspegitik”.
Egunerokoa eta etxekoa den kalitatezko arkitektura izateko eskubidea
Erakusketan ikus daitekeenez, etxebizitza kolektiboak komunitate baten inguruko bizikidetza bultzatzen du, arlo publikoaren eta pribatuaren, etxearen eta kalearen arteko geruza desberdinak eratuz. Europako gizarteen ezaugarri den modu sofistikatuan komunitatearen garapena sustatuz, hortik dator erakusketaren izen: “Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria”.
Erakusketa honek, sorrarazi zuen sariak bezala, etxebizitza kolektiboen eraikuntzen arkitekturari eta horrek gizartean duen eraginari balioa ematea du helburu. Argazkien, testuen eta instalazioen bidez, etxebizitzari eta kalitatezko etxeko eta eguneroko arkitekturarako eskubideari buruzko eztabaida kritikoa sortu nahi du.
Horrela, “Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria” lehen edizio honetako proiektu irabazleez eta finalistez baliatzen da, adibide zehatzen bidez eta hainbat arlotako pertsonek osatutako nazioarteko epaimahai entzutetsu batek nabarmendu zituenen bidez, etxebizitza kolektiboak kalitate handia izan dezakeela, komunitateetan eragin positiboa izan dezakeela eta hiri-garapen jasangarrian lagundu dezakeela aldarrikatzeko.
“Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria” Europako etxebizitza kolektiboa Europako ondare urbanistikoaren giltzarria da, eta kontinentearen historia eta balio aberatsen isla da, Erdi Aroko sustraietatik hasi eta industriaren ondorengo bilakaeraraino. Erakusketan jasotzen den bezala, familia-unitate eta familia eredu desberdinak eraikin berean bizi diren unean etxebizitza kolektiboaz ari gara. Fenomeno horrek – berez – komunitate bihurtzen ditu biztanle horiek, beren bizikidetzaren berezitasuna dela eta. Erakusketan zehar, arkitekturak bizikidetza hori nola zehazten eta errazten duen erakusten duten adibideak ikusi ditzakegu. Etxebizitzen eraikuntzarekin batera, gune komunak gehitu dira, hala nola sukaldeak, garbitegiak, erabilera anitzeko aretoak, elikagaiak banatzeko espazio bat, etab.
Argazkia: Mikel Blasco
Etxebizitza kolektiboa, Europaren ikurra
Erakusketa garatzen den lehen aretoan, etxebizitza finalisten bidez, Italian, Suitzan, Espainian, Austrian, Ingalaterran, Portugalen eta Belgikan etxebizitza kolektiboa proiektatzeko dauden moduak erakusten dira, Europako gizarteetan komunak diren eta ongizate-estatuaren konfigurazioaren zati diren 8 kontzepturen inguruan multzokatuta.
Etxebizitza horiek 8 argi-mahaitan bilduta daude, eta, bertan, testuez gain, eraikin finalisten argazkiak eta planoak daude ikusgai. Horrela, instalazio horiek zeharkako ikuspegia erakutsi nahi dute, konstante arkitektoniko horiek Europako hainbat lekutan nola modulatzen eta artikulatzen diren eta, bakoitza bere berezitasunekin, europar nortasuna eraikitzen laguntzen duten ikusteko.
Bestalde, bigarren aretoan, epaimahaiak irabazletzat edo aipamen berezitzat jo zituen etxebizitzak erakusten dira, 4 ikus-entzunezko instalazioren bidez, epaimahaiak etxebizitzei buruz hartutako erabakiari balioa ematen dioten testuekin batera. Bisitariek Basileara bidaiatu ahal izango dute Esch Sintzel Architekten estudioko ardoa biltegiratzeko eraikin baten birmoldaketara (berritze kategoriako irabazlea), LaCol kooperatibako Bartzelonako La Borda etxebizitza-kooperatibara (eraikuntza berriko kategoriako irabazlea), Bordeleko Ekko eraikinera (Frantzia), Duncan Lewis-en eraikinera (aipamen berezia eraikuntza berriko kategorian) edo Sheffieldeko (Erresuma Batuko Mikhail Riches estudioko Park Hill birgaitzeko 2. fasera (aipamen berezia berritze kategorian). Areto hau osatzen duten bideo eta argazkien egilea Mikel Blasco argazkilariak da, Euskadiko Arkitektura Institutuko ohiko kolaboratzailea. Donostiatik igaro ondoren, erakusketa Bordelera izango da ikusgai udazkenean arc en rêve centre d ‘architecture-raren egoitzan.
Irekierako mahai-ingurua, tailerrak, aurkezpenak eta eztabaidak
Arkitektura Institutuak programazio zabala antolatu du, erakusketarekin batera, familientzako eta helduentzako tailerrak, eta etxebizitza kolektiboak gaur egun eredu gisa dituen erronkei buruzko lau eztabaida eta aurkezpen, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako ikerketak abiapuntu hartuta.
Otsailaren 27an, osteguna, 19:00etan, “Happy together- arquitectura y colectividades” mahai-inguruak programazioari hasiera emango dio. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria abian jartzen eta garatzen lagundu duten hainbat eragilek eta bertan parte hartu duten arkitektoek parte hartuko dute: Aurora Fernández Per eta Bernard Blanc Aholku Batzordeko kideek eta Ernest Garriga La Col-eko kideak eta Pietro Ambrosini Campomarzio Campomarzi estudioko kideak. Fabrizio Gallanti rêve-ko arc zuzendariak moderatuko du mahaia.
Eztabaidak martxoaren 20an hasiko dira “Auzo paisaiak. El Toldo Verde eta Gehiengoaren hiria”, Pablo Arboleda eta Kike Carvajal eta Jonander Agirre eta Ander Gortazarren partaidetzarekin. Ondoren, “Eraldatzen ari den etxebizitza kolektiboari” buruzko eztabaida egingo da apirilaren 3an Itziar Molinero, Jaime Gutiérrez (AMA), Xavier Monteys eta Atxu Amannekin; “Etxebizitza hedatua/Hiri-bizitza biziberritzeko formulak” aurkezpena Urbanbatekin maiatzaren 15ean, eta “Saretik kanpo. Baserriak, Euskadiko etxebizitza isolatuak” maiatzaren 29an, Jon Garbizu, Victoria Collar (Garbizu Collar), Gonzalo Peña (KRI) eta Ibon Telleriarekin.
“Gorputz baten antzera” izeneko bi tailer egingo dira martxoaren 1ean eta 22an, eta “Teilatuak” izango dira apirilaren 12an eta maiatzaren 17an. Ondoren, udaberrian egingo diren helduentzako “Housing Layout” tailerren txanda izango da.
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariari buruz
Euskadiko Arkitektura Institutuak eta arc en rêve centre d ‘architecturek Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria sortu zuten 2023ko abenduan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin. Lehen edizioa 2024an ospatu zen, eta Europako 19 herrialdetako 170 proposamen baino gehiago bildu zituen. Ekimena bi urtez behin egiten da, eta etxebizitza kolektiboaren arkitekturaren bikaintasuna bultzatzen du. Edizio bakoitzean, etxebizitzaren joera arkitektonikoen behatoki izan nahi du, joerak aztertzeko eta hiri-habitataren etorkizunari buruzko eztabaida kritikoa sustatzeko. Hurrengo edizioa 2026an izango da.
Erakusketan hurrengo estudioen argazkiak eta marrazkiak agertzen dira: Esch Sintzel Architekten, Lacol, ARGE Müller Sigrist Architekten/Rapp AG , B-architecten, DBLV architecten: Dierendonck – Blancke – Lust – Van De Ginste architecten, he-architectes, MAVAA, studio Mikhail Riches, Campomarzio+Studio Bombasaro, Gabu Heindl, Elena Mali, Lisa Schönböck, Hannah Niemand, Stana Marjanovic, Fabian Liszt, Petko Grablij, Maura Schmitt, Anne Altmeyer, Sebastian Christiansen Lucas, Vivas Arquitectos, feld72, Duncan Lewis, Verena von Beckerath, Tim Heide, Apparata Architects, Instituto Balear de Vivienda, Enzmann Fischer Architekten.