“Plaza del Tenis” liburuaren aurkezpena
Plaza del Tenis liburua Peña Ganchegui Funtsa bildumako laugarren alea da. Bilduma hori 2021etik argitaratzen du izen bereko artxiboak, Gipuzkoako arkitekto ospetsuaren proiektu esanguratsuenetako dokumentazioa monografia bidez biltzeko asmoz.
Argitalpenak jatorrizko materiala jasotzen du (argazkiak, planoak, krokisak eta idatziak), artxiboan gordetzen den bezala, inolako iragazki edo interpretaziorik gabe. Material hori gaur egungo ikuspegitik irakurtzeko berariaz idatzitako testu batek osatzen du, obraren eraikuntza garaiko interpretazioetatik aldenduta.
Oraingo honetan, testua Iñaki Ábalosek (Donostia, 1956) idatzi du. Arkitektura Proiektuetako katedraduna da ETSAMen, eta nazioartean ibilbide akademiko eta intelektual nabarmena egin du. Bere lan idatziek ekarpen garrantzitsua egin diote arkitekturaren kulturari eta ikerketari.
Aurkezpenean izango dira Iñaki Ábalos bera eta liburuaren egileak, Rocío Peña eta Mario Sangalli, Peña Ganchegui Funtsa bildumaren koordinatzaileak.
Iñaki Ábalosen testuak institutuan ikusgai dagoen erakusketako materialarekin batera doa: esku-hartzearen aurreko egoeraren irudiak, zirriborroak, planoak, proiektuari lotutako dokumentuak, maketaren irudiak, obraren exekuzioaren argazkiak eta Giuliano Mezzacasak lana amaitu berritan egindako argazki-erreportajea. Horrez gain, 1980an Luis Peña Gancheguik Bartzelonan, ETSABeko I. Kultur Astearen harira, emandako hitzaldiaren transkripzioa jasotzen da, baita testu guztiak euskaraz eta ingelesez ere.
Iñaki Ábalosi buruz
ETSAMen ikasia, Iñaki Ábalos arkitektoa da 1978tik, eta doktorea 1991tik. Nazioarteko hainbat unibertsitatetan jardun du irakasle eta arduradun akademiko bezela, besteak beste Harvardeko Graduate School of Design-en; han Arkitektura Saileko zuzendaria izan zen 2013 eta 2016 artean. Irakasle gonbidatua ere izan da Londresko Architectural Association-en eta Columbia, Princeton nahiz Cornell unibertsitateetan.
2006tik, Renata Sentkiewiczekin batera zuzentzen du Ábalos+Sentkiewicz estudioa, Madrilen, Bostonen eta Shanghain egoitzak dituena. Aurretik, 1984an sortutako Ábalos & Herreros estudioaren sortzaileetako bat izan zen. Bere proiektuak eta lanak nazioarteko erakusketa, monografia eta argitalpen ugaritan zabaldu dira.
Data: irailak 10, osteguna
Ordua: 19:00
Parte-hartzaileak: Iñaki Abalos eta liburuaren egileak Rocío Peña eta Mario Sangalli
Hizkuntza: gaztelania