Hezkuntza
EAIren hezkuntza-programa erakusketen edukiak ulertzeko eratu eta lantzen da. Publiko guztientzat diseinatzen da, ikuspegi inklusibo, askotariko eta parte hartzaile batetik. Hezkuntza-programan eskaintzen diren jardueretan obrak eta proiektuak aurrera eramateko prozesuak, teknikak eta oinarriak argitzen dira, betiere dinamika ludikoetatik abiatuta, eta parte-hartzaileen adimena interpelatzeko sorkuntza-saio kolektiboak eta eskulana barnean hartuta.
Hezkuntza-jarduera hauek, hainbat formatu eta egoeratan eskainiak, Institutuaren erakusketa-programaren osagarri dira, eta herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte.
Eraikina eta bertako erakusketak ezagutzeko, Institutuak ikastetxeen bisitak hartzen ditu astegunetan. Eskola eta unibertsitate adinean dauden taldeentzat egokitzen diren bisita gidatuek eta tailerrek aukera eskaintzen dute erakusketen elementuak bertatik bertara interpretatzeko.
Familientzako tailerrak, asteburuetan antolatuak, erakusketen eduki espezifikoetan oinarritutako interpretazio-tailerrak dira, haien inguruan sortutako gaietara modu aktibo batean hurbiltzeko. Familiei zuzenduta daude baina batez ere haur eta gazteei, helburutzat hartuta haiei erakusketak ulertzen eta gozatzen laguntzea, normalean helduentzat komisariatzen direnak.
Arkitektura-laborategia eskolaz kanpoko jarduera da, 6 eta 11 urte bitarteko adina dutenentzat. Unitate didaktikoen programa progresibo baten bidez, arte eta arkitektura garaikidearen funtsezko kontzeptu, teknika eta adierazpenetara hurbiltzen gaitu, eta hiria bizitzeko moduetara sentsibilitatez hurbiltzen laguntzen digu.
EAIren kanpamenduen bidez goizeko jardueren programa bat eskaintzen dugu eskolako oporretan (6-11 eta 12-16 adin-taldeentzat) arkitekturaren eta ingurumenaren ezagutza sustatzeko. Saioak taldean izaten dira, eta hainbat gai lantzen dira marrazketaren, argazkigintzaren, maketen eta interbentzio espazial iragankorren bidez.
Gazte eta helduentzako tailerretan gonbidatuta daude parte-hartzera egungo gizartearekin lotuta eraikitako ingurumenaren arloan sakondu nahi duten guztiak (+16), betiere erakusketek proposatzen dizkiguten gaien barruan.
Jarduerak ezagutzeko eta parte hartzeko, kontsultatu gure agenda, eta EAIren hezkuntza-programari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, idatzi gure helbide elektroniko honetara: edu@eai.eus
