Artxiboa
Euskadiko Arkitektura Institutuak Peña Ganchegui Artxiboa hartzen du, euskal arkitekturaren erreferente den arkitekto honek XX. mendearen bigarren erdian utzitako ondarea zaintzen eta zabaltzen diharduen elkartea. Artxibo honekin, Arkitektura Institutuaren helburua da Euskadin sortzen den ondare arkitektonikoa zabaldu eta kontserbatzea.
Peña Ganchegui Artxiboa 2012an sortu zen, Luis Peña Gancheguiren (Oñate 1926 – Donostia 2009) lana babestu eta zabaltzeko. Euskal arkitekturaren figura nabarmenena izan zen berrogei urte baino gehiagoko ibilbide profesional bizi eta etengabean. Haren izena hartuta, arkitektoaren legatu profesional eta pertsonal osoa biltzen du Peña Ganchegui Artxiboak; 287 proiekturen dokumentazioa, 6.842 plano eta 1.651 krokis original eta 7.233 argazki hainbat formatutan, eta 60.000 orri baino gehiagoko dokumentazio idatzia.
Funts guztiak daude publikoarentzat eskuragarri, eta hitzordua eskatuta kontsultatu ahal dira. Horrez gain, bildutako dokumentazioa Peña Ganchegui Artxiboak ekoitzitako argitalpen monografikoetan eta aldi baterako erakusketetan ematen da ezagutzera. Artxiboak erakusketa-gune propioa du Euskadiko Arkitektura Institutuan. Artxiboa Arkitektura Institutura lekualdatu zen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker. Izan ere, sailak sustatua da arkitektura-zentro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin batera.
