Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz
Euskal kultura herrikoia markatu duen kirolik bada, bere iruditeria kolektibotik hasi eta bere herrietaraino, pilota da. Erdi Arotik da gure gizartearen parte eta herri-modalitateak urbanizatu gabeko lurretan jaio ziren. Gaur egun, ordea, harmail luzez beteriko milaka pertsonentzako kantxak ere ikus ditzakegu. Maria Cristina erreginaren kirol ikuskizun gogokoenetako bat izatera ere iritsi zen, zeina sarritan lehiaketen buru izaten zen lehen pilotaleku industrialean, Ategorrietako Jai Alaian (1877).
‘Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz’ erakusketa berriak euskal pilotaren bilakaera arkitekturarik gabe ulertezina dela kontatzen du, eta alderantziz. Erakusketak lehen pilotasoroetatik hasi eta gaur egungo frontoi handietaraino doan bidaia bat proposatzen du, tipologia ezberdinak eta horiek Euskal Herriko herri eta hiriekin duten harremana aztertuz. Guztiak hain bereziak eta izen ezberdinekoak, baina guztiak ere pilotalekuak, hau da, pilota jokorako tokiak. Eta horiek guztiek elementu komun bakarra dute: eraikitzen duten hutsunea, jokoa bera hartzeko behar den hutsunea.
Daniel Carballo arkitekto eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak komisariatu du, eta urriaren 1era arte irekiko ditu ateak kirol honek gure lurraldean izan duen aztarna ezabaezina jasotzeko.
Hainbat edukiren bitartez egiten du hori, hala nola, EITBren ‘Jai Alai’ erreportajeko ‘Joko zaharrak’ atala; antzinako jokorako tresnen bilduma (laxoarentzako eskularru luze eta laburra, pilota desberdinak…) eta modernoak (xisterak, palak…); jatorrizko materialak, hala nola Iruritako (Nafarroa) botiloa; pilotaplaza ideal baten eskalako birsorkuntza; frontoi ezberdinetako postal historikoak; eskalan konparatutako bederatzi frontoi handi dituen panel bat; eta Guardiako (Araba), Otxandioko (Bizkaia), Aizarnako (Gipuzkoa), Urroz-Villako (Nafarroa) eta Sarako (Labort) pilotaplazen maketak, planoak eta argazkiak, jokoaren ezarpen-maila desberdinei dagozkienak (horma bakarrekoa, bikoa, horma bat harresi bati erantsia, eta baita paretarik gabea ere), besteak beste.

Programa osagarria
Hainbat jarduera izango dira erakusketarekin batera, programa osagarri gisa: lehenik eta behin, klaustroa laborategi bihurtuko da, eta, hiru saioko bi tailerren bidez, parte-hartzaileek pilotan aritzeko hainbat horma-tipologia eraikiko dituzte, blokeekin. Informazio gehiago hemen.
Bigarrenik, apirileko, maiatzako, ekaineko eta iraileko azken ostegunetan, publikoak doako zinema-saioez gozatzeko aukera izango du Euskadiko Arkitektura Institutuan, pilotalekuekin zerikusia duten filmak proiektatuko baitira. Informazio gehiago laster.
Gainera, hitzaldi sorta baten bidez, arkitektonikoak ez diren alderdietan sakonduko da: pilotalekuak ondare gisa, kirol gisa, gizarte-indar gisa… Informazio gehiago laster.
Azkenik, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora bitarteko eskola-taldeek doako bisita gidatuak izango dituzte erakusketara. Eskaera egin dezakezu contact@eai.eus helbidera mezu bat bidaliz.
Frontoiak munduan zehar
Ezagutu hemen mundu mailan erregistratutako frontoi guztiak eta partekatu zure herriko edo hiriko, edo gustukoen duzun, pilotalekua sare sozialetan #pilotalekuak hasthag-a erabiliz. Sare guztietan aurki gaitzakezu @eai_iae_ izenarekin.
Argazkia: Dabid Argindar
Asteartetik ostiralera
17:00 – 20:00
Larunbata
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Igandea
11.00 – 14.00
Aste Santua
Apirilak 6,7 eta 10
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Nota de Prensa Pilotalekuak ↓
Prentsa Oharra Pilotalekuak ↓