Euskadiko Arkitektura Institutuan jarritako erakusketa nagusia otsailaren 22an itxiko da. Amaiera-aste hau dela eta, Mugak/bienalaren bosgarren edizioaren argitalpenaren aurkezpen-jardunaldia egingo da, edizio honetan garatutako ekintzak, mugarriak eta ideia nagusiak biltzen dituen liburukia.

Programa: 

Ongietorria:

  • José Ángel Medina, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria,

Hitzaurrea:

  • Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren zuzendaria

Argitalpenaren ibilbidea:

  • María Arana, Mugak/bienalaren komisarioa, AMA (Arquitectural office) eta Edorta Subijanarekin batera.

Epilogoa:

  • Elkarrizketa irekia gure gonbidatuekin

Hurrengo Geltokia: Amara – Easo erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzako klaustroan bisitatu ahal izango da datorren ostegunetik aurrera, azaroaren 20tik eta urtarrilaren 11ra arte. Erakusketa hau  Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatu du OFF Mugak/ programaren baitan eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatu du Donostiako Udalarekin lankidetzan.

Hurrengo Geltokia: Amara Easo urriaren 15ean ireki zituen ateak, Donostiako Suhiltzaileen Parke zaharreko eraikinean, eta azaroaren 16ra arte 3.000 pertsona baino gehiago bisitatu zuten erakusketa. Donostiako Zabalgune erromantikoa eta Amara auzoa lotuko dituen auzo berria nolakoa izango den jakiteko topagune, hausnarketa eta elkarrizketa ireki bat izan da. Eremu honetan 500 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da.

Institutuan bisitatu ahal izango den erakusketa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Donostiako Udalarekin lankidetzan, Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoren bigarren fasera pasa diren hiru proiektuak aurkezten ditu.

Hiri erronka bat eta hiru ikuspegi 

Erakusketak Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoren bigarren fasera pasa diren hiru proiektuak aurkezten ditu:  “Habitar el bosque urbano”,  JPAM City Makersena  (Amado Martín, Jorge Perea y Samuel Llovet); “Kalerik kale plazarik plaza”,  RAZ  Usandizagarena (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga) eta “Hari berdez hiria josi”, estudio beldarrainena.  

“Hurrengo Geltokia: Amara – Easo” erakusketak panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu, lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izateko eta auzo berria nola izango den imajinatu ahal izateko. 

Entzute prozesu parte-hartzailea, non gune berri honek barne hartu beharko lituzkeen ekipamendu, espazio eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak jasotzen diren. “Hurrengo Geltokia: Amara Easo” erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuko klaustrora eramanda martxan jarraituko du proiektuak. 

Horrela, erakusketak hiria eta komunitatea ehuntzeko tresna bizi bat izaten jarraituko du, herritarren ekarpenak behin betiko proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuta. Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita.

Aurrerantzean herritarrek egingo dituzten ekarpenak aztertzen jarraituko da, eta lehiaketaren bigarren fasean baloratuko da talde finalistek zer gaitasun duten iradokizun horiek beren proposamenetan txertatzeko. Horrela, prozesu parte-hartzailea funtsezko tresna bihurtuko da Amara-Easoko hiri-eraldaketak herritarren benetako beharrei erantzuten diela eta hiri-eredu integratuago, habitagarriago eta jasangarriago baten oinarriak ezartzen dituela bermatzeko.

Prozesua eskuragarri egongo da aurrerantzean ere online,  Mugak/ Bienalaren webgunean (https://www.bienalmugak.eus/eu/playas-vias ), proiektuaren zuzkidurei buruzko balorazioak, kezkak eta iradokizunak biltzeko, etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko helburuarekin.

Erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren sarreran ikusi ahal izango da. Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariaren bosgarren edizioko bost hautagai finalisten lanak erakutsiko dira: AMA estudioa, XABIER ARTOLA, SARA ENRÍQUEZ (Lokuluxka estudiokoa), BORJA MARTÍNEZ (Interplay estudiokoa) eta MIKEL ORTÍZ DE ERIBE (Eitzen estudiokoa).

Epaimahaiaren erabakia, Ángel Martínez García Posada, Begoña Fernández Shaw eta Carme Pinósek osatua, erakusketaren inaugurazio egunean bertan jakinaraziko da, Euskadiko Arkitektura Institutuan bertan egingo den galan.

Bi urtez behingo sari hau 2017an sortu zen, eta hamar urte baino gutxiagoko esperientzia duten arkitektoei zuzenduta dago, baldin eta beren lan profesionala Euskal Autonomia Erkidegoan prestatzen edo garatzen badute.

Saria ibilbide arkitektoniko gaztea aitortzeko eta gorabidean dagoen proiekzioa duen karrera bultzatzeko ematen da, praktika profesional eredugarria izateaz gain, kultura arkitektonikoa sustatzen, garatzen eta sendotzen laguntzen duten ekarpenak ikusarazteko. Beraz, saria ez da obra edo lan jakin bati ematen, izaera desberdineko lan multzo bati baizik.

Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa Donostia bizi, sentitu eta bertan lan egiten duen ororentzako elkargune gisa aurkezten da. Auzokideak, elkarteak, kultur eta gizarte-erakundeak eta profesionalak azken hamarkadetako hiri-eraldaketako prozesurik garrantzitsuenera hurbiltzera, deskubritzera eta modu aktiboan parte hartzera gonbidatuta daude: Zabalgune erromantikoa eta Amara auzoa josteko aukera emango duen Playa de Vías operazioa, donostiarrak barne hartzen dituen hiri-proiektu jasangarrian babestutako 400-500 etxebizitza eraikita. 

Euskadiko Arkitektura Institutuak OFF Mugak/ programaren baitan antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, Donostiako Udalarekin lankidetzan, ekimen hau ez da erakusketa soil bat: Donostiaren hiri-etorkizuna elkarrekin pentsatzeko aukera da.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala (HAPO) idazteko lehiaketa publikoan saritutako bost proiektuak biltzen ditu erakusketak, Playa de Vías – Amara-Easo eremuan, eta maketak, planoak, panelak eta errealitate birtuala uztartzen dituen ibilbidea proposatzen du, herritarrek auzo berria nolakoa izango den imajina dezaten. Baina, batez ere, entzuteko eta elkarrizketarako prozesu parte-hartzailea da, eta bertan jasoko dira eremu berri horrek izan beharko lituzkeen ekipamendu, espazio eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak.

Horrela, ‘Hurrengo Geltokia: Amara-Easo’ hiria eta komunitatea ehuntzeko tresna bizi bihurtzen da, herritarren ekarpenak behin betiko proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuta. Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita.

Herritar guztiei irekitako prozesu parte-hartzailea

Erakusketaren formatuak garrantzi berezia du. Kontua ez da erakustea bakarrik; entzutea eta kolektiboki eraikitzea ere bada, aurkeztutako proposamenetan oinarrituta. Parte hartzeko prestatutako gunearen bidez, interesa duten guztiek etorkizuneko auzoaren zuzkidurei eta diseinuari buruz beren ideiak, kezkak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Ekarpen horiek aztertu egingo dira, eta lehiaketaren bigarren fasean baloratuko da talde finalistek zer gaitasun duten iradokizun horiek beren proposamenetan txertatzeko.

Horrela, prozesu parte-hartzailea funtsezko tresna bihurtuko da Amara-Easoko hiri-eraldaketak herritarren benetako beharrei erantzuten diela eta hiri-eredu integratuago, habitagarriago eta jasangarriago baten oinarriak ezartzen dituela bermatzeko.

Horrez gain, online inkesta bat prestatu da Mugak/ Bienalaren webgunean (https://www.bienalmugak.eus/es/playas-vias ), proiektuaren zuzkidurei buruzko balorazioak, kezkak eta iradokizunak biltzeko, hala etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko.

Foto: Mikel Blasco
Argazkia: Mikel Blasco

 

Erakusketa: Donostiaren hiri-etorkizunerantz bidaia

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan, ‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa azaroaren 14ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Suhiltzaile Etxe zaharrean (Easo, 43), asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketa-ibilbideak panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu, lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izan ditzaten bisitariek. Gainera, sarrerako panel batek jarduteko eremuaren historia eta trenbideak lurperatu ondorengo etorkizuneko plana jasotzen ditu, hiri-eraldaketa handi horri testuingurua emateko.

Hiri-erronka bat, bost ikuspegi

Zabalgune erromantikoa eta Amara josteko ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte saritutako proiektuek, hiri-eredu berritzaile, jasangarri eta orekatuaren bidez:

  • “Habitar el bosque urbano”, JPAM City Makers (Amado Martín, Jorge Perea eta Samuel Llovet): Proposamen garaikide eta fresko honek modernitatea eta errespetu historikoa uztartzen ditu; parke handi bat eta etxebizitza-mota askotarikoa proposatzen ditu.
  • “Kalerik kale plazarik plaza”, RAZ y Usandizaga (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga): Metropoli-bokazioa eta hiri-anbizioa ditu, eta proposamena da erdigunean parke handi bat egitea, ibaiaren bidea lurperatzea eta hiriko dorre bat altxatzea.
  • “Hari berdez hiria josi”, beldarrain estudioa: Parkean ekipamenduak dituen eraikin sigi-sagatsua bat proposatzen du, hirian lotutako bizitza-eredu jasangarria sustatuta.
  • “Que los árboles nos dejen ver el bosque”, Acha Zaballa Arquitectos: Planteamendu kontzeptual eta probokatzailea, paisaiaren eta hiri-dentsitatearen arteko orekaren inguruan hausnartzen duena.
  • “Lotzenari”, KREAN Ingeniería y Arquitectura: Proiektu tekniko eta sendoa da, Autonomia kalerantz irekitako plazak proposatzen ditu eta oso ikuspegi zehatza, eremuaren eraikitze- eta funtzio-soluzioei dagokienez.

JPAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta estudio beldarrainen proposamenak lehiaketako bigarren fasera pasatu dira, eta haien maketek —3Dn inprimatuta— aukera ematen dute modu errealistan ikusteko nola egikaritu litezkeen ideia horiek. Errealitate birtualaren esperientziaren bidez, bisitariek proiektuetan zehar ibiltzeko aukera izango dute, eta hobeto ulertu ahal izango dute nola integratuko diren Amara-Easo inguruan.

Proiektuen aurkezpen publikoa, urriaren 25ean

Prozesua herritarrengana are gehiago hurbiltzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak proiektuen aurkezpen publikoa antolatu du urriaren 25ean, larunbata, 11:00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan.

Jardunaldian, hiru estudio finalisten ordezkariek —JPAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta beldarrain estudioak— beren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta galderak eta eztabaida irekia egiteko gunea izango da; donostiarrak gonbidatuko dituzte hiri-eremu berri horren etorkizunari buruz duten ikuspegia partekatzera.

Hiria denon artean eraikitzeko aukera

‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa bat baino askoz gehiago da. Etorkizuneko Donostiari buruzko ideien laborategi herritarra da. Espazio horretan arkitektura herritarrengana zabaltzen da, eta ekarpen bakoitzak balio du hirian bizi direnen bizi-kalitatea hobetuko duen auzo bat irudikatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Donostiako Udalarekin lankidetzan bultzatuta eta Euskadiko Arkitektura Institutuak OFF Mugak programaren barruan antolatutako “Hurrengo geltokia: Amara – Easo” erakusketaren baitan, proiektuen aurkezpen publikoak egingo dira urriaren 25ean, 11:00etan. 

Aurkezpen hauen bidez, Playa de Vias proiketuaren inguruan egin den parte hartze prozesua herritarrengana gerturatu nahi da. 

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin lankidetzan bultzatutako Amara auzoan dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoaren bigarren fasera igaro diren hiru estudioek hartuko dute parte: JPAM City Makers, RAZ + Usandizaga eta estudio beldarrain.

Partehartzaileak:

JPAM City Makers estudiotik Samuel Llovetek, Amado Martín-ek eta Jorge Pereak “Habitar el bosque urbano” proiektua aurkeztuko dute.

RAZ estudiotik Gilen Txintxurreta Beitiak eta Ander Gortazar Balerdik “Kalerik kale plazarik plaza” aurkeztuko dute, RAZ + Usandizagak egindako proiektua.

Beldarrain estudioko Juan Beldarrainek “Hari berdez hiria josi” proiektua aurkeztuko du.

Parte-hartzailei buruz:

Jorge Perea, Amado Martín eta Samuel Llovet

JPAM City Makers estudioko zuzendariak dira Jorge Perea, Amado Martín eta Samuel Llovet, nazio mailako eta nazioarteko hiri-proiektuetan eskarmentu akademiko eta profesional handia duten arkitektoak. JPAM City Makers Bartzelonako arkitektura eta hirigintza estudio bat da, hiriko pentsamenduan eta forma arkitektonikoan oinarritutako ikuspegia duena. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dauka estudioak eta hainbat sari jaso ditu, hala nola, Glorias plazaren ondoan dagoen Gran Via de les Corts Catalanes birmoldatzeagatik, C-31 korapiloa Ronda Litoral bihurtzeagatik lehen saria jaso zuen, eta Manuel de Solà-Morales Bi Urteko Hirigintza Sariaren akzesita Sant Boi de Llobregateko Mendi Auzoak hobetzeko planagatik.

Ander Gortazar Balerdi 

Ander Gortazar Balerdi (Donostia, 1985) arkitektoa da. Euskal Herriko Unibertsitatean eta Institut d’arquitectura avançada de Catalunya-n ikasi zuen, eta aditua da hirigintzan, lurralde antolamenduan eta mugikortasunean. Nazioarteko proiektuetan lan egin zuen Varsoviako BuroHappold Engineering bulegoan, eta aholkulari independente moduan ere aritu da; 2018an RAZ estudioa sortu zuen Jacek Markusiewicz-ekin batera. Hirigintza irakasle laguntzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko arkitektura eskolan, eta mugikortasun multimodalari buruzko tesia idazten ari da Universitat Politècnica de Catalunya-n.

Gilen Txintxurreta Beitia

Gilen Txintxurreta Beitia (Gasteiz, 1995) arkitektoa da, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Universitat Politècnica de Catalunya-n ikasketak egin ostean. Hirigintzan eta lurralde antolakuntzan espezializatu da, eta Geografia Informazio Sistemekin lan egiten du. Eskala ezberdineko hiri plangintza dokumentuen garapenean parte hartu du, hirigintza aholkularitza eskaintzen du eta artikuluak idazten ditu prentsa generalistan.

Juan Beldarrain

Juan Beldarrain 1991n lizentziatu zen Nafarroako ETSAn, Karrera Amaierako Sari Bereziarekin. Berlinen hasi zuen bere ibilbide profesionala, J. P. Kleihues estudioan, eta, ondoren, Rafael Moneorentzat lan egin zuen, harik eta 2000. urtean Donostian bere estudio propioa ireki zuen arte.

Ia 25 urteko ibilbide profesionalean, erabilera eta tipologia askotako obrak garatu ditu, publikoak zein pribatuak, neurri handi batean, irabazi dituen arkitektura lehiaketei esker. Bere lanak hainbat aitortza eta sari jaso ditu nazio mailan, proiektuen kalitate arkitektonikoagatik eta eragin iraunkorragatik, besteak beste, LEED Platino kalifikazioengatik edo Arkitektoen Elkargoarenak, FADenak, Espainiako Arkitektura Biurtekoarenak, Civitas Novarenak edo Porcelanosarenak.

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren, bere bosgarren edizioaren erakusketa nagusia “Eu-topías, Ou-topias” Euskadiko Arkitektura Institutuan egongo da ikusgai otsailaren 22ra arte. Bienala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak sustatzen du. 

Erakusketa korala da eta, arkitekturaren eta arteen figura ezagunen proiektuak itxuratzen dituzten piezen bidez, aurtengo bienalaren leloari buruz hausnartzera egiten du gonbidapena: ‘Gazteluak airean, edo nola eraiki gaur egungo utopia’.  Euskadiko Arkitektura Institutuko hiru aretoetan zehar hainbat egileren proposamenak banatzen ditu: Constant Nieuwenhuys, Sir Peter Cook, Rem Koolhaas, David Brown, John Porral, Lugadero, Richard Sennet, Txuspo Poyo, Juno Calypso, Aristide Antonas eta Lesley Lokko OBE katedraduna. Guztiek proiektu utopikoak eta distopiak erakusten dituzte, baina baita etorkizun posibleak irudikatzen dituzten utopiak ere.

Foto: Mikel Blasco
Foto: Mikel Blasco

 

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bitartean Euskadiko Arkitektura institutuak irekiera ordutegia luzatuko du eta erakusketa hau goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da.

Lehenengo aretoa: utopia ihesbide bezala

“Hau ez da erakusketa dokumental bat, ez da utopien historia zeharkatzen duen artxibo bat. Utopiaren ahalmen sortzaileari buruz, haren izaera ihesbideari buruz hausnartzeko gunea da eta baita haren gaitasun birsortzaile eta berreraikitzaileari buruz. Proposamen honek pultsio sortzailearen potentzial eta indar oroitarazle zein eraldatzailea erakusten du. Aldi berean, ideia horiek errealitate bihurtzeak dituen arriskuaz ohartarazi nahi du”, azpimarratzen du Maria Aranak, Mugak/ 2025eko komisarioak.

Publikoak hiru gune aurkituko ditu. Lehenengoa, ihes-utopiei eskainitakoa, Constant Nieuwenhuys artista holandarrak 1956 eta 1974 bitartean garatu zuen ‘New Babylon’ proiektu utopikoa da. Hiri erreal bat baino gehiago, automatizazioari esker produkzio-lanetik askatutako gizarte baten ikuspegi artistiko eta teorikoa zen, non gizabanakoek beren bizitza jolasera, sormenera eta esperimentaziora bideratu ahal izango zuten. Gaur egun proposamen horrek hirien estandarizazio globalari, aisialdiaren merkantilizazioari edo produktibitatearekiko obsesioari egindako kritika gisa funtzionatzen du, eta lan digitala edo krisi klimatikoa eta migrazioa bezalako errealitateekin lotzen da.

Sir Peter Cook arkitekto ingeles ezagunak ‘Plug-in city’ eta ‘Filter City’ gehitu ditu areto honetara, hiria makina ludiko gisa esploratzen duten proiektuak, non giza esku-hartzea askea eta sortzailea den. 60ko hamarkadan sortutako ‘Plug-in City’-k  megaegitura tekniko, modular eta hedagarri bat irudikatzen du, non bizileku-elementuak askatasunez konektatu, ordezkatu edo eguneratu daitezkeen. ‘Filter City’ 2020an aurkeztu zen eta malgutasunaren ideia horri heldu zion berriro, baina testuinguru garaikide batera egokitu zuen, landaredia eta paisaiak arkitektuarekin integratuz, espazio iragazko, ludiko eta organikoak sortuz.

Rem Koolhaas arkitektoak ere parte hartzen du erakusketan, ‘Exodus’ eta ‘Hiperbuilding’ obrekin. Lehenengoak, 1972an garatua, nazioarteko eszenara sartu zuen Koolhaas: hiriaren bihotza zeharkatzen duen harresi-zerrenda bat irudikatzen du proposamenak, hiritik isolatutako “arkitektura-bikaintasuneko eremu” bat. Distopia ironiko horrek 60ko hamarkadako inozotasun utopikoa kritikatzen du, eta arkitekturak bizitza soziala, aniztasuna eta kontrasteak antolatzeko duen botere anbibalentea agerian uzten du. Bestalde, ‘Hyperbuilding’-en (1996), Koolhaasek ideia hau muturrera eramaten du: Bangkokerako OMAk diseinatua, Yasuda estudioarekin batera, megainfraegitura bat planteatzen du non milioi erdi pertsona bizi daitezkeen. “Etxe orratzen aurkako” izendatzen du Kolhaasek, etxebizitza, lana, hezkuntza, osasuna, merkataritza eta kultura integratzen dituen azpiegitura sozial osoa bezala. 

Bigarren aretoa: utopia birsortzaileak eta dekolonialak

Areto honen hasieran, bisitariak zintzilikatutako argitalpen multzo batekin egiten du topo. Komisarioak, hainbat argitaletxek eta gonbidatutako egileek  egin dute aukeraketa. Horiek guztiek lehen utopien izaera literarioa eta mendeetan zehar literatura utopikoaren sorrera adierazten dute.

Ondoren, etorkizun posible bat irudikatzeko kartografia esperimental funtzioa duten proiektuak datoz. Lehenengo piezak ‘The Available City’ (hiri eskuragarria) du izena eta  Chicagoko laugarren Arkitektura Bienaleko zuzendari artistikoa izan zen David Brown arkitekto eta urbanistak sortu du. Bere proposamena hiri esku-hartze bat da, iparamerikako hiri honen 13.000 orube hutsak ustiatzean oinarritua. Interkonektatutako hiri-sistema gisa planteatzen du, lote isolatua izan beharrean, eta espazio berri horien definizioan eta gauzatzean herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditu.

Hurrengoa African Futures Institute (AFI) da, Lesley Lokko katedradunak Acran, Ghanan 2021ean sortua da. Erakusketak arkitekturaren eta ingurune eraikiaren irakaskuntza-eredu berria irudikatzen du. Bere misioetako bat espazio fisikoak eta digitalak konbinatzea da, Afrika gaur egungo erronka premiazkoei buruzko elkarrizketa global, inklusibo eta askotarikoaren erdigunean kokatzeko. Kontinente osoan presentzia mugikorra izanik, etorkizun afrikarrak irudikatzeko plataforma gisa sendotu zuen, deskolonizazioa, justizia soziala, migrazioak eta jasangarritasuna erdigunean jarriz, arkitektura gizarte bidezkoagoak eta birsortzaileagoak eraikitzeko tresna gisa ulertuz.

Alboko areto batek TOP(IA)S hartzen du barne. Espazio horretan, utopia ez da aterpe eskapista, baizik eta espekulazio estetikoa eta gure garaiko gizarte- eta ingurumen-larrialdiak lotzen dituen esperimentazio-eremua. Ikuspegi osagarrietatik hitz egiten duten bi proposamen biltzen ditu: ‘The Bedroom Script’, John Porral arkitekto eta programatzaile madrildarrarena, IAk gidoi espazial intimoak nola eraiki ditzakeen aztertzen du, non gela agertoki aldakor bihurtzen den, biztanleen emozioekiko eta elkarreraginekiko sentikorra. Bigarren proiektuak, Lugadero Sevillako bulego transdiziplinarraren ‘We Make Cities’ izenekoak, hiru euskal hiriburuei buruzko etorkizuneko irudien instalazioa aurkezten du, Donostiako Arkitektura Eskolarekin, Gasteizko IDarte Arte eta Diseinuko Goi Zentroarekin eta Bilboko IED Kunsthal-ekin elkarlanean egindako hiru tailerren emaitza. Proiektua osatzeko, Richard Sennett soziologoari Bienal honetarako egindako elkarrizketa proiektatuko da.

Hirugarren aretoa: distopiaz beteriko klaustroa

Euskadiko Arkitektura Institutuko klaustroaren goiko aldean azken piezak daude, ‘Distopia etsaigoaren garaian’ izena hartzen duen areto batean. Proiektu horiek erakusten dute nola XX. mendeko utopia arkitektonikoak eta politikoak denborarekin ukitu distopikoa duten paisaia bihurtu diren.

Lehenengoa Txuspo Poyo artista nafarraren U.N(INVERSE) da. Arkitektura modernoaren, zinemaren eta botere politikoaren arteko harremana aztertzen du, New Yorkeko Nazio Batuen egoitza abiapuntu hartuta. Lanak modu poetikoan jartzen ditu zalantzan anaitasun unibertsalaren eta gardentasun instituzionalaren idealak, irudikapen literalik gabe iruditeria horren tirabirak eta hauskortasunak erakutsiz. 19 minutuko 3D animazioa barne hartzen du, non irudi arkitektonikoak birkonbinatu eta dislokatu egiten diren.

Londresko Juno Calypso argazkilari eta artista bisualak ‘What to do with a Million Years’ aurkeztu du, luxuzko lurpeko etxebizitza batean egindako argazki-proiektua. 60ko hamarkadan eraiki zuen Avon Cosmetics-en sortzaileak Las Vegas kanpoaldean, balizko gerra nuklear baten aurreko babesleku gisa. Etxeak 1.500 m² ditu eta zortzi metro lur azpitik dago. Argi-zikloak simulatzeko sistemak eta luxuzko barnealdeak ditu, baita igerilekuak, jacuzziak, eskuz margotutako horma-irudiak eta kristalezko eta urrezko dekorazioa. Avonen sortzailea bertan bizi izan zen bere emaztearekin 80ko hamarkadara arte, eta ordutik bere horretan jarraitzen du. Artelana artistak gela desberdinetan egindako autoerretratuetan datza, eta Gerra Hotzaren iruditeria distopikoarekin eta defentsa-arkitekturarekin hitz egiten duen babesleku eder batean barrena egindako ibilbide bisual gisa funtzionatzen du, beldur nuklearrak eraikuntza ezkutu eta autosufizienteak bultzatu zituenean.

Azkenik, klaustroan Aristide Antomas arkitekto greziarraren ‘Inverted Tents’ zintzilikatutako obra dago, krisian dauden hirietan nola bizi planteatzen duen esperimentua. Abandonatutako eraikinetan sabaitik zintzilik dauden kanpin-dendak dira, eta lurzorua libre uzten dute talde-jardueretarako, hala nola eztabaidak, jolasak edo komunitate-topaketak egiteko. Nakagin Capsule Tower-en inspiratuta, unitate horiek ez dute autonomia indibiduala bilatzen, elkarbizitza sustatu eta dauden azpiegiturak aprobetxatu baizik.

Esteka honetan erakusketaren prentsa-dossier osoa aurkitu dezakezu. 

 

   

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren  barruan, Euskadiko Arkitektura Institutuak hainbat erakusketa, tailer eta hitzaldi hartuko ditu.

Jarduera horiek guztiak “gazteluak airean edo utopia gaur nola eraiki” kontzeptuaren ingurukoak izango dira. Kontzeptu hori Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak aukeratu du bosgarren ediziorako.

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatu du.

Erakusketak

Eu-topías, Ou-topías – Erakusketa nagusia

  • Data: 09-10-2025 / 22-02-2026
  • Bisitak
    • 18/10/2025 – 11:00
    • 07/11/2025 – 18:0z

Hurrengo Geltokia: Amara-Easo erakusketa

  • Data: 15-10-2025 / 16-11-2025

Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria 2025

  • Data:16-10-2025 / 30-11-2025

Hitzaldiak:

Hiriaren eraikuntza, poetak mundura iritsi ondoren

  • Data: 10-10-2025
  • Ordutegia: 19:00
  • Partaideak: Félix Maraña eta Santos Bregaña
  • Izen ematea

Architecture without building: Hitzaldia

  • Data: 14-10-2025
  • Ordutegia: 10:30 – 11:30
  • Partaideak: Maushaus eta No Man’s Land Foundation
  • Izen ematea

Habitar Comunitario: arquitectura rural desde la participación

  • Data: 15-10-2025
  • Ordutegia: 20:00
  • Partaideak: Arquitectura Sin Fronteras, Cooperación Comunitaria, Isadora Hastings García eta Jesús Álvarez Gutiérrez
  • Izen ematea

Arquitecturas Invisibles

  • Data: 18-10-2025
  • Ordutegia: 12:30
  • Partaideak: Andrés Lepik, Gilermo Zuaznabar, Laura Martínez de Guereñu eta Ula Iruretagoiena
  • Izen ematea

Hurrengo geltokia: Amara-Easo – Proiektuen aurkezpena

  • Data: 25-10-2025
  • Ordutegia: 11:00 – 13:00
  • Partaideak: PAM City Makers, RAZ + Usandizaga eta Estudio Beldarrain
  • Izen ematea

El laberinto del homo ludens: la Nueva Babilonia de Constant – Juan Pro

  • Data: 31-10-2025
  • Ordutegia: 19:00
  • Partaideak: Fondation Constant eta Juan Pro
  • Izen ematea

Lebbeus Woods-en ondarea

  • Data: 31-10-2025
  • Ordutegia: 19:00
  • Partaideak: Edorta Subijana
  • Izen ematea

Txuspo Poyoren hitzaldia

  • Data: 07-11-2025
  • Ordutegia: 19:00
  • Partaideak: Txuspo Poyo
  • Izen ematea

The land shall not be owned – Marwa Arsanios

  • Data: 08-11-2025
  • Ordutegia: 19:00
  • Partaideak: Marwa Arsanios
  • Izen ematea

Zertarako balio du bienal batek?

  • Data: 14-11-2025
  • Ordutegia: 18:00
  • Partaideak: Eva Franch, Ethel Barahona, Iker Gil (Mas Context), Fabrizio Gallanti y José Angel Medina
  • Izen ematea

Tailerrak

TURISMO ARRAROA

  • Data: 11-10-2025 / 25-10-2025
  • Ordutegia: 
    • Urriak 11 – 12:00
    • Urriak 18 – 17:00
    • Urriak 25 – 12:00
  • Izen ematea

We make Cities – Donostia

  • Data: 15-10-2025
  • Ordutegia: 16:00 – 19:30
  • Izen ematea

‘Aldaketa bizi’ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko erakusketa nagusiaren katalogoaren aurkezpena otsailaren 22an ospatuko da. Argitalpen honetan xehetasunez jasotzen dira arkitekturaren eta arteen munduko figurek erakusketari gehitu zizkioten lanak. Urriaren 25ean inauguratu ondoren, otsailaren 25ean, igandean, Euskadiko Arkitektura Institutuari agur esango dio.

Aurkezpena Euskadiko Arkitektura Institutuan egingo da, erakusketaren egoitzan, otsailaren 22an, 18:00etatik aurrera:

18:00 Bisita gidatua erakusketaren komisarioarekin, Maria Aranarekin
19:00 Katalogoaren aurkezpena

Sarrera librea lekua bete arte

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizio honetako erakusketa nagusiak, Euskadiko Arkitektura Institutuan kokatutakoak, eta ‘Aldaketa bizi’ izenburupean, arkitekturaren eta arteen munduko figura ezagunen arteko elkarrizketa kolektiboa aurkezten du. Partaideek haien pieza originalak, proiektuak eta praktiken irudikapenak batu dizkiote erakusketari. 2024ko otsailaren 25era arte egongo da zabalik.

2017tik Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatua, Mugak/ Bienalak laugarren edizio hau ospatuko du Arku Atlantikoko hitzordu arkitektoniko nagusi gisa. Hazten jarraitu nahi du aurreko edizioarekin alderatuta, zeinek 70.000 pertsona baino gehiago bildu zituen arkitekturaz beteriko hilabete osoan zehar.

Hausnarketarako erakusketa

‘Aldaketa bizi’ aurtengo leloaren hiru kontzeptuetan oinarrituta dago: ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’. “Garai nahasiak bizi ditugu. Krisi ekologiko, sanitario, ekonomiko eta sozialeko garaiak. Erronka handiak dira, eta premiazko irtenbideak behar ditugu, irudimentsuak eta eraldatzaileak. Munduan nola bizi garen eta etorkizun hurbilean nola biziraungo dugun birpentsatzea premiazkoa da. 1951n, Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako Europa batean, Heideggerrek aipatu zituen ‘eraiki’, ‘bizi’ eta ‘pentsatu’ hitzen arteko harreman etimologikoan oinarritutako hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu erakusketa honek, aurreiritzi gabeko ikuspegi kritikotik abiatuta”, Maria Arana komisarioaren arabera.

Horretarako, Beatriz Colomina ikertzailea, amid.cero9 estudioa edo Isaac Cordal artista bezalako izen ezagunak erakustera gonbidatu ditu Bienalak. Horiek guztiek ‘Aldaketa bizi’-ra ekarri dituzte haien proiektuak eta obrak, gogoeta Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuaren hiru erakusketa-aretoetan banatuz. Bertan, elkarrizketa bat hasiko da, ondoren Gasteizera eta Bilbora ere eramango dena, parte-hartzaileek urriaren 25etik azaroaren 24ra bitartean hiru hiriburuetan emango dituzten hitzaldien bitartez.

Hiru areto, hiru kontzeptu

Lehenengo aretoak, ‘Berreraiki’ izenekoak, arkitekturak duen eginkizunari buruz eta planetan duen eraginari buruz gogoeta egitea proposatzen du; izan ere, CO2 emisio globalen % 40 eraikinek igortzen dituzte, eta arkitekturaren oinarrizko printzipioen eta printzipio sozialen suntsipenari buruzko hausnarketa ere proposatzen da. Era berean, arkitektura bera berreraikitzeaz eta hori ulertzeko eta bizitzeko modu berriak sortzeaz hitz egiten du, egungo ziurgabetasun ekonomiko eta sozialaren testuinguru honetan.

‘Follow the leaders’ (2009) aretoaren buru da. Isaac Cordal artista galiziarrak obra horrekin Brusela, Milan, Londres edo Berlin bezalako hirietako kaleak bisitatu ditu. Trajez jantzitako negozio-gizon itxurako pieza txikiez osatuta dago, gainbeheran eta suntsipenean dauden hiri-eszenatokiez inguratuta. Masa sozialaren inertziari buruzko kritikara gonbidatzen dute, hirigintza griseko zibilizazioaren inguruko iruzkin bat osatuz, tonu ironiko eta suntsigarriarekin, eta gure zibilizazioen deshumanizazio garaikideari buruzko gogoeta bultzatuz.

Bere ondoan, Ningboko Museo Historikoaren (2008) errepresentazio bat dago, Amateur Architecture Studioarena, jatorrizko materialen eta irudien bidez. Eraikinak Wang Shu eta Lu Wenyuren sinesmen irmoa defendatzen du, tradizioa zaindu behar dela, alegia, haien herrialdeko hirien suntsipen azkarraren eta hazkunde geldiezinaren aurrean. Eraikinaren fatxada egungo kokapen berean egindako eraispen-prozesuetan sortutako hondakinekin eraiki da; izan ere, estudioaren arabera, “ezin dugu historia suntsitu”. Fatxadaren lau lagin ikusgai daude erakusketan, baita eskala handiko argazkiak ere.

Areto honetako azken pieza ‘Gran Vía Toxic’ (2008-09) da, amid.cero9 estudio madrildar ezagunarena. Madrilgo Gran Víako eraikuntzaren mendeurrenagatik garatutako proiektua da eta suntsipenaren ikuspegitik erakusten du. Hiri-ereduen eraginari buruzko gogoeta egiten du, eta eraispena alderantzizko prozesu gisa aurkezten du; ekintza-sekuentzia gisa, zeinak existitzen den guztia fisikoki ezabatzera eraman beharrean, modu berritzailean planteatu eta antola daitekeen hiria eraikitzeko alternatiba bat eskaintzen duen. Makina suntsitzaile baten maketa dago ikusgai, tamaina handiko infografiekin batera, eta Gran Víako oinplano bat eta beste material bisual batzuk ere ikus daitezke.

Erakusketa honen bigarren kapitulua ‘berpiztu’ da. Euskadiko Arkitektura Institutuaren bigarren erakusketa-aretoak ‘low-tech’ proiektuak eta arkitekturak jasotzen ditu, espazio- eta gizarte-bitartekaritzako modu berriak lortzeko. Diseinua habitata hobetzeko eta etxea sortzeko teknologia gisa erabiltzearen garrantzia azaltzen du. Izan ere, ikerketarekin eta sentsibilizazioarekin batera, arkitekturak bizitza babesteko eta eraikitzeko duen gaitasuna balioesteko, garrantzia azpimarratzeko edo berreskuratzeko aukera ematen duten tresnak direla uste du.

Espazio honetan, arkitekturako lau profesionalen eta estudioen lanak bildu dira. Horietako bat da Acha Zaballa Arquitectosen ‘Loft Study House’ proiektua (2018). Bizitegi-duintasuneko espazioak nola sortu planteatzen du, hutsik dauden merkataritza-lokalak etxebizitza sozial bihurtuz, diseinuaren bidez. Santutxuko eta Larreagaburuko (Bilbo) hiru etxebizitza sozialen eraberritzearen atzean egon da estudioa, tamaina eta kolore desberdinetako hiru apalategiren bidez erakusten direnak. Bertan, objektuak eta argazkiak erakusten dira, berpiztu den lokalaren etxekotasuna islatzeko.

Erakusketak ‘Biharamuneko etxea’ (2021) ere barne hartzen du, Bartzelonako TAKK estudioak Madrilen 110 m²-ko etxebizitza batean egindako eraberritzea. Energia-kontsumo minimoa lortzeko gune zentrokideen segida gisa berrasmatu zen: 60 m²-ko barne-kutxa bat eraiki zen (‘neguko etxea’), behar bezala isolatuta, eta gainerako 50 m² barruko terraza gisa utzi ziren (‘udako etxea’). Proiektuak berezitasunak ditu, hala nola gela “komunal” bakar bat edo ikuspegi ludiko batetik egindako bainugelen proposamena, taldean erabiltzeko espazio gisa ulertuta. Aretoan irudikatzen da jatorrizko etxebizitzaren barne-partizioak gogora ekartzen dituen totem baten bidez. Bertan, etxebizitzaren irudiak proiektatzen dira.

Amateur Architecture Studioren obra Five Scattered Houses (2006) proiektuaren bitartez dago berriz ere presente areto honetan. Wang Shu eta Lu Wenyuk Txinako etxebizitza tradizionalaren ideia aldarrikatzen dute Ningbo hirian eraikitzen ari den eremu baten hirigintza-garapenerako ardatz nagusi gisa. Txinako hegoaldetik, libreki sakabanatutako bost etxe egiteko proiektu honek proposatzen du etxe historikoaren tipologia bat hiriaren erdigunerako etxebizitza modernoen sail batera eramatea. ‘Aldaketa bizi’ erakusketan aurki daiteke, airean esekitako maketen eta etxeen argazki batzuen bidez.

Azkenik, bigarren aretoan, Marina Otero Verzier, Katía Truijen eta René Boer ikerlari eta arkitektoek bultzatutako ‘Jabetze arkitektura’ (2019) dago ikusgai. Okupazioa praktika arkitektoniko gisa planteatzen du, eta Herbehereetan okupatutako hainbat arkitektura aztertzea du helburu, marrazkien, elkarrizketen eta artxiboko materialaren bidez. Herbehereetan 2010. urtera arte indarrean zegoen legearen arabera espazio okupatu bat etengabe habitatuta zegoela justifikatzeko beharrezkoak ziren gutxieneko elementuak (ohe bat, aulki bat, mahai bat) eszenifikatzen dituen pieza baten bidez irudikatzen da. Diseinu grafikoa eta espaziala María Mazzantik garatu du.

Hirugarren eta azken erakusketa aretoa berrasmatzean datza. Bertan diziplina arkitektonikoa bera berrikusteaz eta haren funtzio pedagogikoaz, gaitasun kritikoaz eta pentsamendua sortzeko gaitasunaz hausnartzen da. Arkitekturak bere aldaketa bizi behar du. Horregatik, gogoeta gune honek diziplina poliedriko bat birpentsatzera animatzen du, disziplina horrek dituen posibilitate pedagogikoek beste mundu posible batzuk imajinatzera gonbidatzen baikaituzte.

Lehenik eta behin, José María Torres Nadal arkitektoaren bi pieza daude. Lehenengoa, ‘Arkitektura bizkarrean eramateko motxilak’, 1995ean Arteleku ezagunean egindako topaketa batean du jatorria, ‘Pentsatu – Osatu/Eraiki – Biztandu’ izenekoa, Heideggerren testuarekin lotuta. Ia 30 urte geroago, José María Torres Nadalek erregistro kultural, emozional eta afektibo horiek jasotzen dituzten motxila batzuk erakusten ditu. Horietako batek, ‘Hitza eta arkitektura’ izenekoak, bigarren piezari bide ematen dio, ‘Arkitektura… New Yorkeko delirioa gorabehera’. ‘Delirious New York’ (Rem Koolhaas 1978) ospetsuaren azala berrikusten du, “arkitektura garaikidearen praktika eta teoria guztia eratu duen liburu-biblia”, ikuspegi kritiko batetik.

Jarraian, ‘Radical pedagogies’ (2013-2023) dago ikusgai, Beatriz Colominaren proiektua, Ignacio G. Galán, Evangelos Kotsioris eta Anna Maria Meisterrekin batera. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, mundu osoko praktika pedagogiko esperimentalen eztanda batek arkitekturaren hezkuntza astindu zuen, proiektu honetan aztertzen den iraultza. Gainera, oinordetzan jasotako diziplina-hierarkiak hezkuntza-eremuetan berriz zalantzan jartzera gonbidatzen du, gaur egungo testuinguruan. Denboraren tunel gisa gauzatzen da, aldamioekin egina, eta bereziki erakusketa honetarako ekoitzitako hainbat bideo ikus daitezke bertan.

Amateur Architecture Studio-ren hirugarren ekarpenak ‘Naturarekin eraikitzen’ du izena (2023) eta duela 14 urtetik Txinako Arteen Akademian ematen den izen bereko ikastarotik dator. Herrialdeko gaur egungo eraikuntza arkitektonikoaren kultura biziberritzeari heltzen dio, eta garapen jasangarriko nazioarteko kontzeptuekin konbinatzen ditu. Horren helburua diseinuaren eta eraikuntzaren arteko deskonexio larriari irtenbideak aurkitzea da, hezkuntza arkitektoniko nazionalean gailentzen dena. 2019an eskola honetako arkitektura-graduan matrikulatutako ikasleek egindako zortzi maketa daude ikusgai.

Azkenik, erakusketa Worlding-ek ixten du. Cristina Díaz Moreno eta Efrén García Grindaren lan metodoaren deskribapena da, bai bere lan akademikoan, bai bere praktika profesionalean, amid.cero9 bezala. Worlding-ek egungo ustiapen-ereduaren ordezko eraikinak edo paisaiak definitzea dakar. Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitateko Arkitektura Institutuan garatzen da gaur egun programa hori, eta zurezko egitura baten bidez irudikatzen da, ikasleek egindako zeinbait marrazki, oinplano eta infografiekin.

Mugak/ Bienala dela eta, azaroaren 1etik 24ra, Euskadiko Arkitektura Institutua asteartetik igandera goizez eta arratsaldez irekita egongo da (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara).

Testuingurua eta Kontzeptuak lanean, Carme Pinosek bere sormen-prozesua azaltzen du, enkargu bakoitzaren ebazpenerako hurbilketa. Testuinguruaren irakurketa arduratsua -bai maila fisikoan, bai kulturalean- eta proiektuaren eskakizunen ulermena ditu abiapuntu beti, haren funtzionaltasuna konpontzeaz gain, hortik haragoko bizipenak sortzeko borondatearekin.

Carme Pinos-en arkitekturak ez du kaligrafia propiorik, proiektu bakoitza modu bakarrean adierazten da bere geometriarekin, baina bat egiten du erakusketa egituratzen duten sei kontzeptuetan islatzen dugun filosofia komun batekin. Horietako bakoitzerako, hainbat obra multzokatzen ditugu, azaltzeko eta agerian uzteko, eta, ondoren, krokis, plano, maketa eta irudien bidez, horietako baten garapen sortzailea hedatzeko.

Erakusketa amaitzeko, diseinu batzuk egin dira, besteak beste Objects bildumako altzariak eta bezero ezberdinentzat sortutako pieza bakarrak. Horiek guztiek arkitektura egiteko modu osoa markatu duten printzipio berberak dituzte.

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, industria berreraiki zuen Europak, diseinuaren balio erantsiari esker. Laguntzaile erabakigarria izan zen Hochschule für Gestaltung Ulm (1953–1968) diseinugile lanbidea prestatzeko, arte aplikatuen eta dekoratzaileen eskola zaharrei buruzko teoriak gaindituta, mendebaldeko gizarte sektore zabalen eskura zegoen proiektatzeko eta diseinatzeko modu bat sortu baitzuen. Berreraikitzeko erreferente bat izan zen, bai arkitektura industrializaturako, bai Alemaniako industria eta ekonomiarako ere.

Ikusizko Komunikazioa, Produktuaren Diseinua eta Informazioa sailekin batera —San Telmo Museoan erakutsiak—, Arkitektura Sail bat ezarri zuen Ulmeko Eskolak, 1955–1956 ikasturtetik aurrera. Formaren aldeko edozein tentazio baztertu nahian, Eraikuntza Saila izenaz berrizendatu zuten. Eraikuntza industrializatua aztertu zuten, zeinean agregazio eta konexio sistemak elementu giltzarri bihurtu ziren arkitektura eta diseinua ulertzeko modu hura definitzeko orduan.

(fotografia: Bernd Meurer & Herbert Ohl, ‹Sistema modular prefabricado en asentamiento urbano› 1961 © Ulmer Museum Hfg-Archiv)

Komisarioak

Guillermo Zuaznabar
& Neus Moyano