Ludiktadurak
Ludiktadurak
Ludiktadurak osatzen duten pieza artistikoek honelako galderak planteatzen dituzte: Nork diseinatzen dituzte gure hiriak? Nola taxutzen dira hiria bizitzeko, esperimentatzeko eta asimilatzeko moduak? Zuhaitzez eta eserlekuez hornitutako plaza batek jolasa, elkarrizketa eta lekua gozatzera bultzatzen gaitu. Kalezulo ilun batek, aldiz, beldurra eragiten digu; eta kale handiek, espaloi estukoek eta errei ugarikoek, autoz lekualdatzeko hiria dela ohartarazi eta bertatik ibiltzeko gogoa kentzen digute.
Agustina Isidoriren Sola bideojokoak gauez hirian bakarrik ibiltzen den emakume baten larruan bizitzeko eta haren beldurra sentitzeko gonbita egiten du. Indarkeria sistemikoak bistaratzen ditu, gizartean bezala, hirigintzan bertan ere txertatuta daudenak. Azken finean, planoa diseinatzen duenak diseinatzen ditu planoarekin interakzioan aritzen garen moduak.
Hiri-diseinuak hirien erabilera baldintzatzen du eta, orain, hiriko espazio publikoak eta pribatuak digitalizatzen hasiak direla ikusita, horrek modu erradikalagoan eraldatzen du erlazio hori.
Keiichi Matsudak etorkizun ludiko/distopiko bat proposatzen du Hyper-realityn. Bertan planteatzen den gogoeta hauxe da: bideojokoak, teknologiarekin erlazionatzen garen moduak baldintzatzeaz gain, gero eta gehiago murgiltzen ari dira gure bizitzako beste alderdi batzuetan, haien mekanika, estetika eta estrategien bitartez. Izan ere, dinamika ludikoak inposatzen dizkigute, gure jokabidea sotilki manipulatu eta eragina dutenak hirian bizi eta ibiltzeko, eta hiriarekin eta bertako biztanleekin interakzioan aritzeko moduan.
Lan honekin, Keiichi Matsuda diseinatzaile eta zinemagileak galdera hauek egitera gonbidatzen gaitu: Zenbat denbora ematen duzu egunero jokoan konturatu gabe? Nork erabakitzen du nola ibili hirian? Googlek, Wazek? Nondik ibili behar dugun adierazten diguten konpainia handien algoritmoen abatareak gara?
Ludiktadura hauek hiria bizitzeko proposatzen dizkiguten modu aseptiko eta lauei buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu erakusketak. Komisarioen hitzetan, “hiriak lodiera eta sakontasuna galtzen ditu, afektibitatea, espazioaren eraikuntza kolektiboa funtzionaltasunaren atzetik desagertzen da, non azkarrago iristeak ibilbiderik politenaz gozatzeak baino pisu handiagoa duen. Arau jakin batzuk ezartzen dizkigutela jabetzen garenean, orduan izango gara arau horiek aldatzeko gai”.

