Joko-espazioen arkitektura
Joko-espazioen arkitektura
Joko-espazioak, eta haien teknologiak, modu bat izan daitezke arkitekturaz eta gizartean jokatzen duen rolaz jabetzeko. Joko-inguruneetako partaidetza masiboarekin, gaur egun, leku desberdinak ditugu aldi berean bizitzeko, leku birtualak eta errealak, eta horrek ekarri du inguratzen gaituen munduari eta espazioari buruzko esanahi berriak eraikitzea.
Erakusketak hainbat lan oinarri hartuta aztertzen du erlazio hori:
Ciudades y videojuegos: hacia un urbanismo interactivo dokumentalak, Santiago Bustamanterenak, bideojokoak materialaren eta birtualaren arteko zubian espazio berriak ─hiri interaktiboak, kolaboratiboak, irudikatuak─ nola erreplikatzen eta diseinatzen dituen aztertzen du. Bertan planteatzen denez, arkitekturak bideojokoen espazioan eragin nabarmena izanik ere, espazio birtual hauek eta haien teknologiak ari dira laguntzen etorkizuneko espazioen eta hirien diseinuan.
Playspace/Gamespace lanak, Aida Navarrorenak, bideo-kontsolen espezifikazio teknikoek jokoa garatzen den espazioa eta modua zehazten dituztela erakusten digu. Hala, teknologia hauek, behin gure etxeetan sartu ditugunean, jokoari eskaintzen diogun denbora ez ezik, altzarien kokapena eta dekoratua bera ere aldarazten dituzte. Interpretazio honetan ikus daitekeenez, ekipo informatikoak, espazio birtualaz harago, jokorako espazio fisikoa zehazten du.
Bi lanek erakusten digute espazio birtualek espazio arkitektonikoa hartu dutela erreferentziatzat. Hau da, arkitekturak espazioaren errepresentazio, interakzio, gida eta antolamendurako erabiltzen dituen moduak baliatu dituzte, etxearen erabiltzailearekiko/jokalariarekiko erlazio-moduak barne. Baina, beste alde batetik, itzulerako bidea egiten da, gerora bideojokoez baliatu dena arkitektura izan dela erakutsiz, haien tresnak erabilita eta haien eraginpean jarrita, espazioaren erabilerak eta antolamendua aldaraziz.
Ikuspegi esperimentalago batekin, Espacios resonantes lanak soinu-esperimentaziotik abiatuta eraikitako inguruneak esploratzera eta eraldatzera gonbidatzen gaitu. Lan honetan, arkitektura industrial abandonatuen espazioak berreraiki egiten dira, eta, horretarako, landa-grabazioak, soinuen aktibazioa bitarteko akustiko eta elektronikoen bidez, atzeraelikadura motelak, konboluzio-erreberberazioak eta soinu espazializatuak erabiltzen dira, entzutearen bidez espazioaren narratiba sozial eta politiko berriak esploratu eta sortzeko.
Kasu honetan, bideojokoa arkitektura/soinu esperientzia berreraiki eta ondoren bizitzeko tresna gisa erabiltzen da. Esperientzia honetan, espazio birtuala meta-tresna bihurtzen da, ikusleak/jokalariak eratzen ditu soinuzko giroak espazioarekin interakzioan.

