Gobernantza ludikoa

Gobernantza ludikoa

Bideojokoek aukera ematen digute simulatutako inguruneetan sistema ekonomiko, politiko eta sozialen ereduak eraikitzeko. Mundu irudikatuekin errealistak edo guztiz fantasiazkoak esperimentatzeak aukera ematen digu gure hiriei buruzko erabaki bateratuak praktikan jartzeko, pantaila barruan nahiz kanpoan mundu jasangarriagoak, ekologikoagoak eta inklusiboagoak sortzea helburu.

Atal honetan erakusten diren adibideen artean Block’hooden inspiratutako 3D eskultura dago. Bideojoko komertzial honek oreka bilatzera bultzatzen gaitu, baina baliabide naturalen hazkuntza, metaketa eta ustiapen dinamikak erabili beharrean, logika ekologikoari jarraitzen dio. Block’hood bezalako bideojokoek hirien eraikuntzaren konplexutasuna ulertzeko aukera ematen digute. Jokoa ekologiaren, interdependentziaren eta dekadentziaren ideietan oinarritzen da, 200 bloke mota baino gehiagoren arteko oreka ekologikoari eusteko erronkarekin, jarritako bloke bakoitzak era askotako baliabideak kontsumitu eta ekoiztuko baititu. Eskatzen den sarrera ematen ez zaien blokeak poliki-poliki desegin eta hondatu egingo dira, kolapsatzeraino. Jolasa hezkuntzaren eta ikerketaren arloko ekimen bat da, eta jokoen eta jasangarritasunaren arteko lotura aztertzen du, hirigintza garaikideak beharrezkoa duen pentsamendu ekologiko eta sistemikorako azpiegitura digitala eratzen lagunduz.

Gobernantza ludikoan, hirigintza diseinatzeko prozesuetan herritarren partaidetza proiektuaren emaitzak ere erakusten dira: ArsGames-en Craftea. Programa integral hau gure ingurune hurbila mapatzera bideratuta dago, Minecraft bideojokoaren bitartez espazio publikoa hobetzeko hirigintza-proposamen kolektiboak garatu, birtualizatu eta, ondoren, errealitera itzultzeko. Crafteak xede duen populazioa ez da kontuan hartzen gaur egungo sistema politikoan erabakiak hartzerakoan, eta hiri-espazioetako populazio ahulenetakoa da: haurrak, alegia. Proiektu honek uztartu egiten ditu lurraldearen gaineko esku-hartzea eta hurbileko errealitateekin dugun zuzeneko harremana, baita ingurune birtualetan espazio alternatiboak irudikatzeko eta diseinatzeko aukera ere, haiek proposamen moduan lurraldeari itzultzeko.

Ildo beretik, baina batez ere legegileen publiko helduari zuzenduta, Games for Cities proposamena aurki dezakegu. Boston, Bangalore, Lurmutur Hiria, Istanbul, Nairobi, Mosku, Shenzhen edo Sydney bezalako hirietan gauzatutako proiektu multzoa da, hainbat gai jorratzen dituztenak: migrazio-fluxuak, klima-aldaketaren ondoriozko arazoak, kalitatezko espazio publikoen hornidura edo hiri horiek ekonomia zirkular batera egokitzea, besteren artean.

Plataforman bertan diotenez, gobernantza ludikoak hiriak sortzeko praktika jakin bati ematen dio bidea, gero eta ugariagoak diren pertsona-taldeen esperientzia kolektiboan, sormenean eta adimenean sakonki errotuta dagoenari. 

Proiektu horiek oztopo digital-analogikoa gainditu daitekeela erakusten digute, inguratzen gaituen espazioa nola pentsatzen dugun azpimarratuz eta gure behar kolektiboen inguruan antolatutako proposamenen diskurtso bat egituratzeko aukera emanez.