Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala

Arkitektura artearen eta arrazoiaren mintzaira da aldi berean. Zientziaren eta artifizioaren arteko elkargunea. Historikoki MUGETAN ernaltzen den elikagaiaz aberastu da.

Askotariko kulturen eta identitateen gurutzagunean bizi da: naturak eta paisaiak gizakiak ordenaz duen nozioarekin bat egiten duten elkargunean; errealitatearen eta ametsen arteko ertz lausoetan; barrualdeari eta kanpoaldeari buruzko galderak eragiten dizkigun atalasean; edertasunaren idealari uko egin gabe bada ere, zerbaiten funtzioak nolakoa behar duen erantzun behar etengabeari buruzko ikerketa-lanean.

Gaur egun, arkitektura bidegurutze latz batean dago; izan ere, aurre egin behar die ulertzen eta gobernatzen izugarri zaila bilakatu den modernitate teknologiko eta multikultural berriaren erronkei.

XXI mendearen ataria besterik ez den garai honetan, parekotasunik eza pandemia bihurtu zaigu. Orain gutxiko krisi sozioekonomikoak bere aurpegirik ilunena erakutsi digu, eta pobreziaren eta bazterketaren lorratz mingarriek mutur-muturreraino eraman dituzte sozialki onargarri eta gizalegez desiragarri izan beharko lukeen jokalekuaren Mugak. Gaur egun, gure identitate hiritarraren funtsezko oinarriak arriskuan jartzea ekarri du arazo larri horrek.

Zehaztu? Egokitu? Birpentsatu? Berriro hasi? Bai hirigintzak eta bai arkitekturak tresna ezinago ahaltsuak izaten jarraitzen dute, biek ere zauriak kauterizatzeko ahal ikaragarria baitute; talaia intelektual hori aintzat harturik, gainera, biak izan daitezke oso lagungarri atzera ere ongizate indibidual eta kolektiboaren arteko orekak definitzeko, denon ongia bilatu behar ezinbestekoan.

Bide berriak pentsatzeko eta definitzeko tresnak eman behar dizkigute biek ala biek, horrek elkarbizitzarako guneak diseinatzen eta gizarte eta hiri orekatuago eta justuagoetan bizitzeko dugun nahia asetzen lagundu diezagun.

Bigarren edizioa
10
10
2019

12
12
2019

Aurten, 2019an zehar, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa ospatuko dugu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatua da proiektua, Etxebizitza Zuzendaritzaren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala ditu laguntzaile.

Herritar guztiengana iristen jarraitzea da Mugak egitasmoaren helburu nagusia, horren bidez Etxebizitza Zuzendaritzaren xedeetako bat betetzeko; hots, “arkitektura sustatzea”, hura gizartearen eskueran jarriz.

Arkitektoen Nazioarteko Batasuneko presidente Thomas Vonier-ek orain gutxi (2018/10/01), 2018ko Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren karietara, esan duen bezala:

“Arkitekturari esker, gure mundua hobea izan daiteke denontzat. Arkitekturak aukera eman beharko liguke batik bat metropoli handietan bizi diren mundu osoko herritarren oinarri-oinarrizko premiei aurre egiteko.

Gaur egun, hauek dira mundu osoko 3 milioitik gora arkitektoon zeregin nagusiak: gizon-emakumeen oinarrizko premiei aurre egitea; hiriak bizitzeko egokiagoak, garbiagoak eta atseginagoak izan daitezen lortzea; behartsuenei etxebizitza duin eta egokiak izan ditzaten laguntzea, eta denentzako moduko espazio publiko seguru eta erabilgarriak eraikitzea.”

Mugak egitasmoak bidegurutze izaten jarraitzeko asmoari eusten dio; gureak elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatuago baten Mugak definitzeko.

Gainera, nazioarteko izaten jarraitzeari uko egin nahi ez badiogu ere, ez dugu bistatik galdu nahi Euskadikoa izatea dela Bienal honen asmo nagusietako bat. Horregatik, aurtengo edizioan, Bienalaren egoitza nagusian, Donostian, antolaturiko ekimenez gain, Bilbon eta Gasteizen ere hainbat jarduera programatu dira, Bienala Euskadiko beste bi hiriburuetara zabaltzeko asmoz.

Arkitekturaren festa handia da Mugak eta herritarrei festa horretan parte har dezaten dei egitearen asmoa argia da, oso: arkitekturaren eta hark zerbitzatu beharko lukeen gizartearen arteko tartea txikitzea.