Lacaton & Vassal, ‘Mies van der Rohe’ sariaren irabazleek, irailaren 17tik 19ra egingo den EHUren etxebizitzari buruzko uda-ikastaroari amaiera emango diote

Lacaton & Vassal, ‘Mies van der Rohe’ sariaren irabazleek, irailaren 17tik 19ra egingo den EHUren etxebizitzari buruzko uda-ikastaroari amaiera emango diote

17.09.2019 — 19.09.2019

17
09
2019

19
09
2019

Euskadiko Arkitektura Institutuak ‘RE-vivienda: I laboratorio de vivienda en Euskadi’ izenburua duen ikastaroa gauzatuko du, eta bertan, besteren artean, habitataren birdentsifikazioa eta malgutasuna landuko dira. Egun horietan Donostiako Santa Teresa komentuan ‘Tabula non rasa’ doako erakusketa zabalduko da berriz ere, bertan Europar Batasunaren sari ospetsua irabazi duen Lacaton & Vassal taldearen lana erakusteko.

Etxebizitzaren eta arkitekturaren sektoreek hitzordu saihetsezina dute irailaren 17, 18 eta 19an Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostiako Santa Teresa komentuan duen egoitzan. Egun horietan ‘RE-Vivienda: I Laboratorio de Vivienda en Euskadi’ izenburua duen uda-ikastaroa egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Arkitektura Institutuaren bitartez antolatu dute, eta hiru gai landuko dira: “habitataren birdentsifikazioa landa-ingurunean, habitataren birdentsifikazioa hiri-ingurunean, eta habitataren esperimentaltasuna eta malgutasuna”. Izena emateko epea irekita dago jada. Ikastaroa Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala hasi aurretik egingo da.

Uda-ikastaroa azpimarragarria da bere irakasleen mailarengatik. 26 hizlarien artean Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal frantziarrak nabarmentzen dira. Biok sortu zuten estudioari aurten Europar Batasunaren Arkitektura Garaikideko Saria, ‘Mies van der Rohe’ deitutakoa, eman diote. Bordelen 60ko hamarkadako hiru eraikin handiren eraldakuntzan egindako produkzio arkitektonikoaren kalitatearengatik eman die saria Europar Batasunak.

Lacaton & Vassal-ez gain, ikastaroan beste hainbat hizlari interesgarrik hartuko dute parte, hala nola: Xavier Monteys, Josep Ricart edo Inés Sánchez Madariaga. Monteys Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Proiektu Arkitektonikoen Departamentuko katedraduna da eta Bartzelonako Arkitektura Eskolan eskolak ematen ditu, eta horrez gain HABITAR taldeko ikertzaile nagusia da. Gainera, hainbat liburu idatzi ditu, adibidez ‘Casa Collage’, eta zutabegile gisa dihardu El País egunkarian.

Josep Ricart HArquitectes estudioko kideetako bat da; lau arkitekto gaztez dago osatuta estudioa, eta sari ugari jaso ditu. Sánchez Madariaga genero-ikuspegian aditua da Madrilgo Eskolako UNESCO Katedran.

Jardunaldi horietan, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Bizigarritasunari eta Diseinu Arauei buruzko Dekretu berriaren aurkezpena egingo da, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainen eskutik.

Uda-ikastaroaren garaian, Anne Lacaton eta Jean Philippe Vassal bertan direla aprobetxatuz, ‘Tabula non rasa’ erakusketa berriz ere zabalduko da jendearentzat; erakusketaren zati nagusiak estudio frantziarraren lana, 2019ko ‘Mies van der Rohe’ saria lortu duena, azaltzen du. Erakusketa hori Euskadin ikusteko azken aukera izango da. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, irailaren 17tik 19ra arte 2019.

[Ordutegia irekiera]
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00


Prentsa-oharra Lacaton & Vassal ↓