Hautagaitzak jasotzeko epea ireki du Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioak
>Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko arc en rêve zentroak bultzatuta, sariak etxebizitza-garapenak aitortuko ditu bi kategoriatan: eraikuntza berria eta birgaitzea
> Aurreko edizioak Europako 19 herrialdetako 170 proposamen baino gehiago jaso zituen. Saria Esch Sintzel Architektenek Basileako ardo-biltegi zahar bat 64 apartamentutan birmoldatzeagatik izan zen. Baita La Bordarentzat ere, Lacolen obrarentzat, 28 etxebizitza eta eredu komunitario bat dituen zurezko eraikin bat.
> Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik eta sariaren webgunearen bidez egingo da
Etxebizitza kolektiboa Europako nortasun-ezaugarria da, balioa eman behar zaion bizitzeko modu baten adierazgarri. Horren garatzaileen bikaintasuna aitortzeko asmoz, Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko arc en rêve zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren lehen edizioa abiarazi zuten 2024an, eta 2026an bueltan da, adibide nabarmenen bila.
Sariak komunitateetan eragin positiboa duten eta hiri-garapen jasangarrian laguntzen duten etxebizitza kolektiboak aintzatestea du helburu, kalitatezko arkitektura sustatzen den bitartean. Etxebizitzak funtsezko giza premia eta aktibo sozial gisa duen garrantzia azpimarratuz, sariak berrikuntza, inklusioa eta ingurumen- erantzukizuna sustatzen ditu etxebizitza kolektiboen diseinuan. Horretarako, etxebizitza kolektiboko lan onenaren saria bi kategoriatan banatuko da: eraikuntza berria eta birgaitzea.
Nork har dezake parte:
- 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean, biak barne, Europako Kontseiluko 46 herrialdeetako batean egindako etxebizitza-garapenek jaso ahal izango dute saria.
- Hautagaitzak hainbat eragilek bidali ahal izango dituzte: etxebizitzen sustapenaren ardura duten Administrazio Publikoek, sustapenaren garapenaz arduratu diren enpresek, proiektua garatu duten arkitektoek, proiektua garatzen parte hartu duten eraikuntza-enpresek eta erabiltzaileek.
Oinarri osoak www.europeancollectivehousingaward.eu webgunean kontsulta daitezke.
Ohikoaren bikaintasuna aitortzea
Etxebizitza kolektiboa eta horrek dakarren bizitzeko modua kontinente oso baten amankomuneko bizitzaren, gizarte-kohesioaren eta hiri-identitatearen sinboloa da. Etxebizitza Kolektiboaren
Europako Sariak horrek izan duen eragina aitortu nahi du, eta, gainera, kalitatezko arkitekturak eginkizun horretan betetzen duen zeregina indartu.
Etxebizitza-sustapen batzuen arkitekturak bikaintasuna adierazten du, baina, gainera, biztanleen bizi-kalitatea handitzeko espazioak eraikitzen dituzte. Sariaren aurreko eta lehen edizioak, 2024an, 170 hautagaitza baino gehiago jaso zituen Europako 19 herrialdetatik, eta guztiak dira horren adibide.
Saria bi garrantzitsuenei eman zitzaien. Eraikuntza berriko garapen onenari dagokoinez, elkarrekin bizitzeko pentsatutako zurezko eraikina aukeratu zuten: Lacolen La Borda, 28 etxebizitzako
kooperatiba eta iraunkortasunari, eskuragarritasunari eta kudeaketa- ereduari dagokienez planteamendu integrala duen eredu komunitarioa. Birgaitzearen kategorian, saria Esch Sintzel Architekten taldearentzat izan zen, Basileako ardo-biltegi zahar bat 64 apartamentuko eraikin bihurtu baitzuen. Gutxiegi erabilitako higiezin bat berraktibatu zuen, eraginkortasun energetikoa, kalitate arkitektonikoa eta hiri-ingurunean eragin positiboa konbinatuz.
Nazioarteko epaimahai ospetsua
Bigarren edizio honetan, nazioarteko lehen mailako epaimahai batek hartuko du bi garapen onenak bilatzeko erabakia. 2021ean Arkitekturako Sari Nazionala jaso zuen Carme Pinós arkitekto
kataluniarrak ordezkatuko du Anne Lacaton epaimahaiburu gisa. Berarekin batera, honako profil nabarmen hauek osatzen dute taldea: Jing Liu (AEB – Herbehereak) arkitektoa eta SO-ILen sortzaileetako bat; Catherine Sabbah (Frantzia), IDHEALeko zuzendari exekutiboa eta etxebizitza-politikan aditua; David Madden (Erresuma Batua), hiri-soziologoa eta London School of Economics and Political Science eskolako Hirien Programako zuzendaria; eta Lucia Tozzi (Italia), hiri-ikertzaile eta kazetaria.

Erreferentziazko figurak dituen aholku-batzordea
Gainera, Sariak erreferentziazko figurez osatutako Aholku Batzordearen babesa du, etxebizitzaren erronkari buruzko ikuspegi kritikoa eta anitza emateko asmoz. Bigarren edizio honetan,
Kristiaan Borret egiten du bat, arkitekto eta hirigile belgikarra. Brusela-Hiriburu Eskualdeko Estatuko Arkitekto gisa aritu zen (2015 – 2025) eta Sariaren lehen edizioan epaimahaikide izan zen. Aurreko edizioan aholkua eman zuen Kontseiluarekin bat egin du: Bernard Blanc (Frantzia), hirigilea, politikaria eta etxebizitzetan espezializatutako kudeatzaile publikoa, Bordeleko Udaleko kidea eta “Bâtiment Frugal Bordelais” zigiluaren sortzailea; Aurora Fernández Per (Espainia), arkitekturan espezializatutako kazetaria eta a+t architecture publishers argitalpenaren sortzaileetako bat; Carmen Imbernón (Espainia), arkitektoa eta irakaslea, EUROPAN Espainiako idazkari nagusia; eta Vittorio Magnago Lampugnani (Italia), arkitektoa, ETH Zúrichen irakasle emeritua eta Domus aldizkariaren eta Frankfurteko Arkitektura Museo Alemaniarraren zuzendari ohia.
Bigarren edizio honekin, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariak kontinenteko hiri-ondare handiena nabarmendu nahi du, hiri inklusibo eta jasangarrietarako funtsezko tresna baita, Europako ongizate-estatuaren zutabeetako bat izateaz gain.
Eskaerak bihartik, bidal daitezke Sariaren webgunearen bidez.