“Peña Ganchegui Saria: 4 edizio/4 irabazle”

Euskadiko Arkitektura Institutuak “Peña Ganchegui Saria: 4 edizio/4 irabazle” erakusketa aurkeztu du, Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariaren atzera begirako balantzea eginez. Erakusketa irailaren 14ra arte egongo da ikusgai. Sariaren 5. edizioaren deialdiarekin bat eginez, Peña Ganchegui Artxiboak lehenengo lau edizioetan saritutako taldeak bildu ditu bere garaian irabazleen lana ilustratu zuen material grafikoa eta idatzia elkarrekin erakusteko. Horretaz gain, sarituak izan zirenetik egindako lan berrien dokumentazio adierazgarria ere ikusgai dago.
Erakusketa honen oinarria den sariak Euskal Arkitektura Gaztea goraipatzen du euskal arkitektura modernoaren aitatzat hartua izan zenaren izena erabiliz. “Erakusketa honetan egokia iruditu zaigu euskal arkitektoaren lana ere ordezkatuta egotea, baina argudio hori baliatu nahi izan dugu erakusketen edukia aberasteko, Peña Gancheguiren sarituak Luis Peñarekin konektatuz. Horrela ixten da zirkulua: Peña Gancheguiren irudiak euskal arkitektura gaztea babesten du, eta honek bere obrari buruzko hurbilketa itzultzen dio “, azaldu dute Peña Ganchegui Artxibotik.
Peña Gancheguiren obra enbematikoen irakurketa berriak
Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariaren lehen lau edizioetako saridunak Pauzarq (2017), Bear (2019), Ocamica-Tudanca (2021) eta Ortega-Diago (2023) estudioak izan ziren. Horrela, saridun bakoitzak erakusketaren aretoaren alde bat hartzen du eta hiru edukiren inguruan egituratzen da ibilbidea. Lehenik eta behin, bere garaian hautagai irabazleen lana ilustratu zuen material grafikoa eta idatzia ikusi daiteke. Jarraian, orain arteko beraien ibilbideen lana erakusten duen dokumentazio berria dator. Azkenik, Luis Peña Gancheguiren lau obra enblematikoren inguruan saritutako taldeek egindako berrirakurketa iradokitzaleak daude: Imanolena etxea, San Frantzisko eliza, Igarako UFGren biltegia eta Haizearen Orraziaren plaza.
Artxibotik adierazi dutenez, lan horien aukeraketak “Peña Ganchegui Funtsen bildumarekin du zerikusia, 2021etik aurrera arkitekto gipuzkoarraren lan enblematikoenei eskaintzen diegun monografia sortaren baitan dagoena”. Gaurdaino sail honetako hiru liburu argitaratu dira: ‘Imanolena’, gehien goraipatzen dena eta familia bakarreko etxebizitzari buruzkoa dena: ‘Iglesia San Francisco’, eliz arkitekturan egindako saiakera bakarrari eskainia; eta ‘UFG de Igara’, liburudendetara iristear dagoena. Sarituei hurrenkera horretan esleitu zaizkien hiru lan horiei, saria lortu zuten edizioen kronologiari jarraiki, Haizearen Orraziaren Plaza gehitu behar zaie, Peña Ganchegui Fondoaren hurrengo monografiaren protagonista izango dena.
Erakusketak azken zortzi urteetako euskal arkitektura gaztearen egoeraren erradiografia txiki baten gisa balio du. “Orain arte egindako Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariaren 4 edizioetatik zerbait ondoriozta daiteke, bere ibilbidea hain garai txarrean hasi zuen arren, arkitekturako profesionalen belaunaldi berria prest dagoela gure inguruneari kalitatezko diseinua emateko, hainbat esparru eta eskalatan “, ondorioztatu dute Peña Ganchegui Artxiboko arduradunek.
Peña Ganchegui Sariari buruz
Peña Ganchegui Artxiboak sortu zuen 2017an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzarekin lankidetzan, eta Peña Ganchegui Sariak XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal arkitekto nabarmenenaren izena du. Bi urtez behingo deialdia da, 10 urte baino gutxiagoko esperientzia duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulatu diren edo beren jarduera duten arkitekturako profesionalei zuzendua. Sariaren helburua ibilbide arkitektoniko gaztea aitortzea eta kultura arkitektonikoa sustatzen, garatzen eta sendotzen laguntzen duten ekarpenei ikusgarritasuna ematea da.



