Hurrengo Geltokia: Amara Easo
Hurrengo Geltokia: Amara – Easo erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzako klaustroan bisitatu ahal izango da datorren ostegunetik aurrera, azaroaren 20tik eta urtarrilaren 11ra arte. Erakusketa hau Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatu du OFF Mugak/ programaren baitan eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatu du Donostiako Udalarekin lankidetzan.

Hurrengo Geltokia: Amara Easo urriaren 15ean ireki zituen ateak, Donostiako Suhiltzaileen Parke zaharreko eraikinean, eta azaroaren 16ra arte 3.000 pertsona baino gehiago bisitatu zuten erakusketa. Donostiako Zabalgune erromantikoa eta Amara auzoa lotuko dituen auzo berria nolakoa izango den jakiteko topagune, hausnarketa eta elkarrizketa ireki bat izan da. Eremu honetan 500 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da.
Institutuan bisitatu ahal izango den erakusketa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Donostiako Udalarekin lankidetzan, Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoren bigarren fasera pasa diren hiru proiektuak aurkezten ditu.
Hiri erronka bat eta hiru ikuspegi
Erakusketak Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoren bigarren fasera pasa diren hiru proiektuak aurkezten ditu: “Habitar el bosque urbano”, JPAM City Makersena (Amado Martín, Jorge Perea y Samuel Llovet); “Kalerik kale plazarik plaza”, RAZ Usandizagarena (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga) eta “Hari berdez hiria josi”, estudio beldarrainena.
“Hurrengo Geltokia: Amara – Easo” erakusketak panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu, lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izateko eta auzo berria nola izango den imajinatu ahal izateko.
Entzute prozesu parte-hartzailea, non gune berri honek barne hartu beharko lituzkeen ekipamendu, espazio eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak jasotzen diren. “Hurrengo Geltokia: Amara Easo” erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuko klaustrora eramanda martxan jarraituko du proiektuak.
Horrela, erakusketak hiria eta komunitatea ehuntzeko tresna bizi bat izaten jarraituko du, herritarren ekarpenak behin betiko proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuta. Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita.
Aurrerantzean herritarrek egingo dituzten ekarpenak aztertzen jarraituko da, eta lehiaketaren bigarren fasean baloratuko da talde finalistek zer gaitasun duten iradokizun horiek beren proposamenetan txertatzeko. Horrela, prozesu parte-hartzailea funtsezko tresna bihurtuko da Amara-Easoko hiri-eraldaketak herritarren benetako beharrei erantzuten diela eta hiri-eredu integratuago, habitagarriago eta jasangarriago baten oinarriak ezartzen dituela bermatzeko.
Prozesua eskuragarri egongo da aurrerantzean ere online, Mugak/ Bienalaren webgunean (https://www.bienalmugak.eus/eu/playas-vias ), proiektuaren zuzkidurei buruzko balorazioak, kezkak eta iradokizunak biltzeko, etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko helburuarekin.


Data: 20-11-2025 / 11-01-2026
Ordutegia: asteartetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara. 11:00tatik 14:00etara larunbatetan eta 11:00tatik 14:00etara igandetan.
Lekua: Euskadiko Arkitektura Institutoko Klaustroan



