Eu-topías, Ou-topías
Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren, bere bosgarren edizioaren erakusketa nagusia “Eu-topías, Ou-topias” Euskadiko Arkitektura Institutuan egongo da ikusgai otsailaren 22ra arte. Bienala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak sustatzen du.
Erakusketa korala da eta, arkitekturaren eta arteen figura ezagunen proiektuak itxuratzen dituzten piezen bidez, aurtengo bienalaren leloari buruz hausnartzera egiten du gonbidapena: ‘Gazteluak airean, edo nola eraiki gaur egungo utopia’. Euskadiko Arkitektura Institutuko hiru aretoetan zehar hainbat egileren proposamenak banatzen ditu: Constant Nieuwenhuys, Sir Peter Cook, Rem Koolhaas, David Brown, John Porral, Lugadero, Richard Sennet, Txuspo Poyo, Juno Calypso, Aristide Antonas eta Lesley Lokko OBE katedraduna. Guztiek proiektu utopikoak eta distopiak erakusten dituzte, baina baita etorkizun posibleak irudikatzen dituzten utopiak ere.

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bitartean Euskadiko Arkitektura institutuak irekiera ordutegia luzatuko du eta erakusketa hau goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da.
Lehenengo aretoa: utopia ihesbide bezala
“Hau ez da erakusketa dokumental bat, ez da utopien historia zeharkatzen duen artxibo bat. Utopiaren ahalmen sortzaileari buruz, haren izaera ihesbideari buruz hausnartzeko gunea da eta baita haren gaitasun birsortzaile eta berreraikitzaileari buruz. Proposamen honek pultsio sortzailearen potentzial eta indar oroitarazle zein eraldatzailea erakusten du. Aldi berean, ideia horiek errealitate bihurtzeak dituen arriskuaz ohartarazi nahi du”, azpimarratzen du Maria Aranak, Mugak/ 2025eko komisarioak.
Publikoak hiru gune aurkituko ditu. Lehenengoa, ihes-utopiei eskainitakoa, Constant Nieuwenhuys artista holandarrak 1956 eta 1974 bitartean garatu zuen ‘New Babylon’ proiektu utopikoa da. Hiri erreal bat baino gehiago, automatizazioari esker produkzio-lanetik askatutako gizarte baten ikuspegi artistiko eta teorikoa zen, non gizabanakoek beren bizitza jolasera, sormenera eta esperimentaziora bideratu ahal izango zuten. Gaur egun proposamen horrek hirien estandarizazio globalari, aisialdiaren merkantilizazioari edo produktibitatearekiko obsesioari egindako kritika gisa funtzionatzen du, eta lan digitala edo krisi klimatikoa eta migrazioa bezalako errealitateekin lotzen da.
Sir Peter Cook arkitekto ingeles ezagunak ‘Plug-in city’ eta ‘Filter City’ gehitu ditu areto honetara, hiria makina ludiko gisa esploratzen duten proiektuak, non giza esku-hartzea askea eta sortzailea den. 60ko hamarkadan sortutako ‘Plug-in City’-k megaegitura tekniko, modular eta hedagarri bat irudikatzen du, non bizileku-elementuak askatasunez konektatu, ordezkatu edo eguneratu daitezkeen. ‘Filter City’ 2020an aurkeztu zen eta malgutasunaren ideia horri heldu zion berriro, baina testuinguru garaikide batera egokitu zuen, landaredia eta paisaiak arkitektuarekin integratuz, espazio iragazko, ludiko eta organikoak sortuz.
Rem Koolhaas arkitektoak ere parte hartzen du erakusketan, ‘Exodus’ eta ‘Hiperbuilding’ obrekin. Lehenengoak, 1972an garatua, nazioarteko eszenara sartu zuen Koolhaas: hiriaren bihotza zeharkatzen duen harresi-zerrenda bat irudikatzen du proposamenak, hiritik isolatutako “arkitektura-bikaintasuneko eremu” bat. Distopia ironiko horrek 60ko hamarkadako inozotasun utopikoa kritikatzen du, eta arkitekturak bizitza soziala, aniztasuna eta kontrasteak antolatzeko duen botere anbibalentea agerian uzten du. Bestalde, ‘Hyperbuilding’-en (1996), Koolhaasek ideia hau muturrera eramaten du: Bangkokerako OMAk diseinatua, Yasuda estudioarekin batera, megainfraegitura bat planteatzen du non milioi erdi pertsona bizi daitezkeen. “Etxe orratzen aurkako” izendatzen du Kolhaasek, etxebizitza, lana, hezkuntza, osasuna, merkataritza eta kultura integratzen dituen azpiegitura sozial osoa bezala.
Bigarren aretoa: utopia birsortzaileak eta dekolonialak
Areto honen hasieran, bisitariak zintzilikatutako argitalpen multzo batekin egiten du topo. Komisarioak, hainbat argitaletxek eta gonbidatutako egileek egin dute aukeraketa. Horiek guztiek lehen utopien izaera literarioa eta mendeetan zehar literatura utopikoaren sorrera adierazten dute.
Ondoren, etorkizun posible bat irudikatzeko kartografia esperimental funtzioa duten proiektuak datoz. Lehenengo piezak ‘The Available City’ (hiri eskuragarria) du izena eta Chicagoko laugarren Arkitektura Bienaleko zuzendari artistikoa izan zen David Brown arkitekto eta urbanistak sortu du. Bere proposamena hiri esku-hartze bat da, iparamerikako hiri honen 13.000 orube hutsak ustiatzean oinarritua. Interkonektatutako hiri-sistema gisa planteatzen du, lote isolatua izan beharrean, eta espazio berri horien definizioan eta gauzatzean herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditu.
Hurrengoa African Futures Institute (AFI) da, Lesley Lokko katedradunak Acran, Ghanan 2021ean sortua da. Erakusketak arkitekturaren eta ingurune eraikiaren irakaskuntza-eredu berria irudikatzen du. Bere misioetako bat espazio fisikoak eta digitalak konbinatzea da, Afrika gaur egungo erronka premiazkoei buruzko elkarrizketa global, inklusibo eta askotarikoaren erdigunean kokatzeko. Kontinente osoan presentzia mugikorra izanik, etorkizun afrikarrak irudikatzeko plataforma gisa sendotu zuen, deskolonizazioa, justizia soziala, migrazioak eta jasangarritasuna erdigunean jarriz, arkitektura gizarte bidezkoagoak eta birsortzaileagoak eraikitzeko tresna gisa ulertuz.
Alboko areto batek TOP(IA)S hartzen du barne. Espazio horretan, utopia ez da aterpe eskapista, baizik eta espekulazio estetikoa eta gure garaiko gizarte- eta ingurumen-larrialdiak lotzen dituen esperimentazio-eremua. Ikuspegi osagarrietatik hitz egiten duten bi proposamen biltzen ditu: ‘The Bedroom Script’, John Porral arkitekto eta programatzaile madrildarrarena, IAk gidoi espazial intimoak nola eraiki ditzakeen aztertzen du, non gela agertoki aldakor bihurtzen den, biztanleen emozioekiko eta elkarreraginekiko sentikorra. Bigarren proiektuak, Lugadero Sevillako bulego transdiziplinarraren ‘We Make Cities’ izenekoak, hiru euskal hiriburuei buruzko etorkizuneko irudien instalazioa aurkezten du, Donostiako Arkitektura Eskolarekin, Gasteizko IDarte Arte eta Diseinuko Goi Zentroarekin eta Bilboko IED Kunsthal-ekin elkarlanean egindako hiru tailerren emaitza. Proiektua osatzeko, Richard Sennett soziologoari Bienal honetarako egindako elkarrizketa proiektatuko da.
Hirugarren aretoa: distopiaz beteriko klaustroa
Euskadiko Arkitektura Institutuko klaustroaren goiko aldean azken piezak daude, ‘Distopia etsaigoaren garaian’ izena hartzen duen areto batean. Proiektu horiek erakusten dute nola XX. mendeko utopia arkitektonikoak eta politikoak denborarekin ukitu distopikoa duten paisaia bihurtu diren.
Lehenengoa Txuspo Poyo artista nafarraren U.N(INVERSE) da. Arkitektura modernoaren, zinemaren eta botere politikoaren arteko harremana aztertzen du, New Yorkeko Nazio Batuen egoitza abiapuntu hartuta. Lanak modu poetikoan jartzen ditu zalantzan anaitasun unibertsalaren eta gardentasun instituzionalaren idealak, irudikapen literalik gabe iruditeria horren tirabirak eta hauskortasunak erakutsiz. 19 minutuko 3D animazioa barne hartzen du, non irudi arkitektonikoak birkonbinatu eta dislokatu egiten diren.
Londresko Juno Calypso argazkilari eta artista bisualak ‘What to do with a Million Years’ aurkeztu du, luxuzko lurpeko etxebizitza batean egindako argazki-proiektua. 60ko hamarkadan eraiki zuen Avon Cosmetics-en sortzaileak Las Vegas kanpoaldean, balizko gerra nuklear baten aurreko babesleku gisa. Etxeak 1.500 m² ditu eta zortzi metro lur azpitik dago. Argi-zikloak simulatzeko sistemak eta luxuzko barnealdeak ditu, baita igerilekuak, jacuzziak, eskuz margotutako horma-irudiak eta kristalezko eta urrezko dekorazioa. Avonen sortzailea bertan bizi izan zen bere emaztearekin 80ko hamarkadara arte, eta ordutik bere horretan jarraitzen du. Artelana artistak gela desberdinetan egindako autoerretratuetan datza, eta Gerra Hotzaren iruditeria distopikoarekin eta defentsa-arkitekturarekin hitz egiten duen babesleku eder batean barrena egindako ibilbide bisual gisa funtzionatzen du, beldur nuklearrak eraikuntza ezkutu eta autosufizienteak bultzatu zituenean.
Azkenik, klaustroan Aristide Antomas arkitekto greziarraren ‘Inverted Tents’ zintzilikatutako obra dago, krisian dauden hirietan nola bizi planteatzen duen esperimentua. Abandonatutako eraikinetan sabaitik zintzilik dauden kanpin-dendak dira, eta lurzorua libre uzten dute talde-jardueretarako, hala nola eztabaidak, jolasak edo komunitate-topaketak egiteko. Nakagin Capsule Tower-en inspiratuta, unitate horiek ez dute autonomia indibiduala bilatzen, elkarbizitza sustatu eta dauden azpiegiturak aprobetxatu baizik.
Esteka honetan erakusketaren prentsa-dossier osoa aurkitu dezakezu.


Data
09-10-2025 / 22-02-2026
Ordutegia
Asteartetik ostiralera: 17:00 - 20:00
Larunbatetan: 11:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00