Euskadiko Arkitektura Institutuak “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketa aurkeztu du. Espozioak euskal landa-ingurunean eraikitako ondareari ematen dio balioa eta tipologia baten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa proposatzen du. Baserria mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura bezala aurkezten da bertan, eta baserriaren historia aztertzen du, imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago.

Erakusketa irailaren 14ra arte egongo da zabalik, eta Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak, eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakasleak komisariatu dute. Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da, eta esperientzia du paisaia ezberdinen eraikuntzari eta munduko hainbat lekutan arkitekturen materialtasunari buruzko ikasketen garapenean.
Zuhaitzek historia kontatzen dutenean
Egurrari eta harriari eskainitako erakusketako lehen areto honetan, Arkeolan Fundazioak dendrokronologiarekin (zuhaitzetan denbora aztertzen duen zientzia) egindako ikerketen emaitzak eta “dolare-baserrien” jatorrizko itxura birtualki berreraikitzea ahalbidetu duten ikerketa arkeologikoak aurkezten dira.
Eraikin hauetan egurrak duen garrantzia irudikatzeko, baserri baten egitura osatzen duen pieza bakoitzaren zatiak daude ikusgai aretoan: pilareak, habeak, besoak eta lokailuak. Gainera, hainbat baserritako sei lagin aurkezten dira, aztertu eta datatzeko. Bi maketek osatzen dute egiturari buruzko azalpena: Arrasateko Gomestio dolare baserriko atari nagusiaren 3D formatuko pieza bat, eta bestea, XV. mendeko zurezko baserrien atari estandarizatuen egitura baten eredu ideala, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Arkitektura Eskolako Fablab-en garatua.
Aretoaren bigarren zatiak XVI. mendeko krisi ekonomikoak lurraldearen bilakaera arkitektonikoan inflexio-puntu bat markatu zuela erakusten du, harria elementu konstrusktibo nagusi bihurtuz. Antzinako dolare-baserriek erabateko aldaketa jasan zuten: familiaren autohornikuntzarako bokazioa aldatu egin zen, eta aurreko merkataritza-orientazioa bertan behera geratu zen.