hiru hiri – ikusmirak
Erdi Aroko miniaturetatik Aro Modernoko grabatuetara, arkitektura izan da beti hiri bat beste batetik bereiztea ahalbidetu duen elementua. XIX. mendean, postalak hiri bakoitzaren adierazgarria erakusteko modu bihurtu ziren, baina gaur egun, hiri-ingurunea homogeneoa eta errepikatua bihurtu da planetako hiri askotan globalizazioaren ondorioz.
hiru hiri – ikusmirak erakusketak Euskadiko Arkitektura Institutura dakar, postal gisa, Gasteiz, Donostia eta Bilboren berezko nortasuna eraikitzen duten elementu eta momentuen bilaketa eta irudikapena. Ariketa horrek ikuspegi monumental horretatik egiten du ihes, eta hiriaren berezko testuinguru eta izaera eraikitzen duten elementu propioetan jartzen du arreta, askotan ezkutukoak, isilak eta diskretuak diren elementuak, herritarrak etxean sentiaraztea egiten dutenak.
Jon Cazenave, Oskar Alegria eta Aitor Ortizen kameren objektiboetatik, 30 irudiz osatutako erakusketa bat eratzen da, Euskadiko hiriburu bakoitzeko hamar irudi. Horiek hiri bakoitzaren berezko izaeraren alderdi propioak agerian uzten dituzte, sarritan gure begiradetatik ihes egiten dutenak.
30 postal dira, eta, atzealdean, Euskadiko sorkuntzaren esparruko eta autonomia erkidegoarekin lotura handia duten pertsonek idatzitako testuak ezkutatzen dituzte, hiriari buruz eta hiritik idatzitako kontakizunak. Idatzi horietan parte hartzen dute, hala nola, Bernardo Atxagak, Karmele Jaiok, Rafael Moneok, Ruper Ordorikak, Maialen Lujanbiok edo Esther Ferrerek.
Herritarren parte-hartzea
Postal eta pertsona bakoitzak bere historia sortu eta bizi duen bezala, erakusketak herritarren parte-hartzea ere bultzatzen du. Izan ere, erakusketan bertan eskuz idatziak izan daitezkeen postalak izango dira, hiri bakoitzeko paisaiaren zati funtsezko baina, askotan, ikusezin horiei buruz hausnartzeko. Mundu birtualean, hiru hirik herri eta hirien txoko ezkutu eta pertsonal horiek #antipostal traolarekin sare sozialetan partekatzera gonbidatzen du.
hiru hiri erakusketaren inguruan hamaika ekintza desberdin izango dituzu abendutik apirilera hirietaz eta arkitekturaz gozatzeko. Erakusketara helduentzako eta familientzako bisita gidatuak, hirian zehar ibilaldiak, hiru hiriburuen inguruko hitzaldiak eta bizikletaz txangoak izango ditugu. Gainera, Homo Urbanus erdimetraiak ikusiko ditugu urtarriletik aurrera.
Helduentzako bisita gidatu arkitektonikoetan parte hartzeko, osasun egoera dela eta aldez aurretik doako izen-ematea eskatzen dizugu. Esteka honetan egin dezakezu (urtarrileko lehenengo datak eskuragai!).
6 eta 12 urte bitarteko umeak dituzten familientzako bisita gidatuetara hurbiltzeko, osasun egoera dela eta aldez aurretik doako izen-ematea eskatzen dizugu. Esteka honetan egin dezakezu (abendurako eta urtarrilerako datak eskuragai dagoeneko!).
Argazkia: Jon Cazenave.
Bideoak: Mikel Blasco.