Etxebizitzaren alorrean Eusko Jaurlaritzak bultzatutako politikaren emaitzak erakusten ditu Housing the Basque Country erakusketak, gai horri buruzko eskumena transferitu zenetik (1981) gaur egunera artekoak. Etxebizitza publikoaz dauden ikuspegi guztiak labur eta orekatsu azaltzea da erakusketaren xedea; izan ere, gai horrek errealitate sozial ugari biltzen ditu: politika, arkitektura, ekonomia, ekoizpena, soziologia, historia, legedia…, eta, jakina, etxean bizi denak du lehentasuna. Gizartearen interes nagusiak biltzen ditu etxebizitza publikoak, etxeaz dugun ikuspuntuari ez ezik beste arlo hauei ere eragiten baitie: hura lortzeko eta ekoizteko moduari, hirigintzari, elkartasunari eta, azken batean, aberastasunaren sorrerari, aurrerapenari eta ongizateari.