Albisteak
Euskadiko Arkitektura Institutuak egoitza berria zabaldu du Tabakaleran, “Martín Domínguez. San Sebastián. Madrid. La Habana. New York” erakusketarekin
05 10 2026
Martín Domínguez Esteban Donostiako arkitektoaren ibilbidea eta lana aldarrikatzen ditu erakusketak. Bi erbesteratze bizi izan zituen, eta haren bizitza eta obra Donostia, Madril, Habana eta New Yorkeko estatuaren artean banatzen dira.
Pablo Rabasco Pozuelo eta Martín Domínguez Ruz dira erakusketaren komisarioak. Urriaren 7tik aurrera egongo da ikusgai institutuaren egoitza berrian, Tabakalerako hirugarren solairuan. Maketak, ikus-entzunezko materiala, jatorrizko dokumentuak eta artxiboko argazkiak biltzen ditu.
Egoitza berriaren irekierak institutuak Nazioarteko Arkitektura Astearen barruan antolatutako programa berezi batekin egiten du bat: European Collective Housing Days jardunaldiekin, urriaren 7an eta 8an egingo direnak, non Europa osoko adituak elkartuko diren etxebizitza kolektiboaren inguruan aritzeko. Europako Etxebizitza Kolektiboaren Sariaren bigarren edizioaren banaketa ere egingo da egun horietan.
Donostia, Madril, Habana eta New Yorkeko estatua. Horiek dira Martín Domínguez Estebanen (Donostia, 1897 – New York, 1970) bizitzaren ibilbidea markatu duten lau lekuak. Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakalerako hirugarren solairuan duen egoitza berrian egin duen lehen erakusketa donostiar arkitektoar eskaini dio. Urriaren 6an inauguratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera ikusi ahalko da.
“Martín Domínguez. San Sebastián. Madrid. La Habana. New York” da erakusketaren izenburua. Erakusketa antologikoak bi erbestealdik markatutako arkitekto baten ibilbidea eta figura aldarrikatzen ditu. Bere ideia liberal eta demokratikoengatik Espainia frankista utzi behar izan zuen lehenik, eta Kuba kastrista gero. Eraikitak ondare aparta utzi zuen atzean; baina haren lana ez da aski zabaldu, eta zenbaitetan ikusezin ere bihurtu dute. XX. mendeko arkitektura modernoaren obra handienetako batzuen egilea izan zen Domínguez, baina eskala txikiagoko dozenaka proiektu ere egin zituen. Horiek guztiek bizi izan zuen gizartearen bilakaera konplexuaren adierazgarri dira. Etxebizitza kolektiboa, eskola eraikinak, erakunde publikoak eta aisialdirako behar berriak —zine aretoak, kirol instalazioak eta turismoari lotutako espazioak, besteak beste— izan ziren landu zituen programetako batzuk. Ia beti beste arkitekto eta profesional handi batzuekin elkarlanean aritu zen: Espainian, Carlos Arniches eta Eduardo Torrojarekin, besteak beste; Kuban, berriz, Honorato Colete, Miguel Gastón eta Emilio del Junco, eta Ernesto Gómez Sampera eta Mercedes Díazekin.
Talde-lana arkitektura berriaren oinarritzat hartzen zuen Domínguezek, eta proiektu arkitektonikoa ikuspegi pertsonalen gainetik zegoela ulertzen zuen. Horren erakusgarri dira obra esanguratsu batzuk: Madrileko La Zarzuelako hipodromoa (1936), Arniches eta Torrojarekin batera egindakoa; Habanako FOCSA eraikina (1956), Ameriketako etxebizitza kolektiboaren mugarrietako bat, Gómez Sampera eta Díazekin batera egindakoa; eta Radiocentro CMQ eraikina (1947), Habanan bertan, Gastón eta Del Juncorekin batera egindakoa.
Erakusketa gaur goizean aurkeztu dute Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendaria, José Ángel Medina Murua Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak eta Pablo Rabaso erakusketaren komisariok, Martín Domínguez Ruzekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari den Pablo García Astrainek, Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakaleran egin duen lehen erakusketaren balio dibulgatzailea azpimarratu du, Martín Dominguezen irudia eta obra publiko orokorrari hurbiltzea ahalbidetzen baitu. Ildo horretan, adierazi du erakusketak "dibulgazio-funtzio osoa" betetzen duela, "arkitekto handi baten lana" ezagutzera eman baitu. Arkitekto horren obra, neurri batean behintzat, oso ezaguna da adituentzat, baina ezezaguna gehienentzat ". Horrela, Garcia Astrainek Dominguezen figura aldarrikatu du, "XX. mendeko eszena arkitektonikoaren irudi garrantzitsu gisa, modernitatearen arkitekto gisa eta aldarrikatu behar dugun donostiar unibertsal gisa".
Bestalde, Pablo Rabasco komisarioak nabarmendu du erakusketa prestatzeko egin behar izan duten ikerketa «memoria demokratikoaren benetako ariketa» izan dela, Martín Domínguezen ondareari buruzko dokumentaziora iristea «askotan zaila» izan delako. Haren memoria ezabatu egin zutela azaldu du, eta erakusketaren helburua «ahazturatik berreskuratzea» dela.
Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari José Ángel Medina Muruak, berriz, erakusketaren bidez institutuak «erbestean bi aldiz bizi izan zen Donostiako arkitekto unibertsal honen memoria berreskuratzen lagundu» nahi duela azpimarratu du. Haren bizitza eta modernitatearen ideia handiekiko eta arkitekturaren gizarte funtzioarekiko konpromisoak XX. mendeko garairik gatazkatsuenetako baten protagonista bihurtu zutela adierazi du. «Erakusketa honek Martín Domínguezen figura aldarrikatzen du haren jaioterrian».
Donostiatik New Yorkeko estatura
Tabakalerako Institutuaren areto berrian zabaltzen da erakusketa, eta hainbat mahai tematiko eta gunetan antolatuta dago. Domínguezen ibilbideko jatorrizko dokumentuak eta haren lanaren aniztasuna erakusten duten maketak biltzen ditu. Erakusketa kronologikoki egituratuta dago, arkitektoaren ibilbidea markatu zuten hiri eta herrialdeen arabera: Donostia, Madril, Kuba eta Ameriketako Estatu Batuak. Haren bizitza markatu zuten egoera konplexuen bidez XX. mendeko espainiar arkitekto garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukera ematen du erakusketak.
1897an jaio zen Dominguez, Donostian, hiriko garapenari estuki lotuta zegoen familia batean, eta, horregatik, ibilbidea Donostian hasten da. Aitona, Jacobo Domínguez, Donostiako Kasinoaren zuzendaria izan zen, eta Georges Marquet enpresariarekin batera bultzatu zituen Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia, besteak beste. Jatorrizko familia-argazkiek, Donostiako udal artxiboko planoek eta 1936a baino lehen Donostian eraikitako etxebizitza-eraikinen egungo egoeraren irudiek
osatzen dute atal hau.
Madrilen jarraitzen du ibilbideak. 1915 inguruan joan zen hara Dominguez, arkitektura ikastera, eta 1936an alde egin arte bizi izan zen bertan. Ikasle garaia Residencia de Estudiantesen egin zuen, eta garai hartako Espainiako kulturaren, zientziaren eta artearen alorreko hainbat pertsonaia garrantzitsurekin bizi izan zen han: adiskidetasun handia egin zuen Federico García Lorca-rekin; Carlos Arniches, Gerra Zibila hasi arte bazkide izan zuena; José Moreno Villa, Salvador Dalí eta Luis Buñuel, besteak beste. Garai horretako lanen artean nabarmentzekoa da La Zarzuelako hipodromoaren proiektua eta eraikuntza (1934-36), Carlos Arniches bazkidearekin eta Eduardo Torroja ingeniariarekin batera egindakoa. Eraikin berezi horren maketa Cedexek (Obra Publikoen Azterketa eta Esperimentazio Zentroak) utzi du erakusketarako, eta jatorrizko argazki eta planoekin batera ikus daiteke. Halaber, gizarte-etxebizitzen eta hezkuntza-ekipamenduen proiektuei eskainitako materiala ere ikusi daiteke; besteak beste, Residencia de Estudianteseko Auditorioa eta Liburutegia eta Instituto-Escuela, “La Colina de los Chopos” izeneko multzoan eraikiak. Gerra Zibilak eten zuen etapa hori, eta Domínguez lehen erbestealdira behartu zuen.
1936ko abenduan Ameriketara itsasoratu zen, hasiera batean AEBetara iristeko asmoz, baina 1937ko urtarrilean Habanara heldu eta han geratu zen. Habanan egin zuen bere ibilbideko aldirik oparoena, eta hainbat profesionalekin aritu zen elkarlanean: Honorato Coleterekin (1938-1943), Miguel Gastón eta Emilio del Juncorekin (1943-1952), eta Ernesto Gómez Sampera eta Mercedes Díazekin (1952-1960). Erakusketaren atal horretan dago bilduta materialik zabalena eta ezezagunena. Besteak beste, administraziora bideratutako eraikinen proiektuak ikus daitezke, Marianaoko Udala eta Habanako Komunikazio Ministerioa, esaterako; erabilera anitzeko eraikinak, Radiocentro CMQ kasu, gaur egun Cine Yara dena; etxebizitza kolektiboaren mugarrietako bat den FOCSA eraikina, 39 solairurekin, garai hartako Habanako eraikinik altuena; Guanabacoako gizarte-etxebizitzen proiektuak; eta arkitektura modernoa klima tropikalera egokitzen duten familia bakarreko etxebizitzak. Maketek, planoek, argazkiek eta eraikin horien egungo egoerari buruzko bideoek osatzen dute espazioa.
New Yorkeko estatuan amaitzen da ibilbidea. 1960an iritsi zen hara Domínguez, Kubako iraultzaren ondoren beste behin erbesteratu behar izan zuenean. 62 urte zituela, Cornell Unibertsitatean hasi zen lanean, eta Diseinu Arkitektonikoko eta Hirigintzako irakasle izan zen 1970ean hil zen arte. Han adiskidetasun handia egin zuen beste arkitekto espainiar erbesteratu ospetsu batekin, Félix Candelarekin. Garai horretako materialaren artean, Pittsforden eraikitako Lennox etxeari (1967) buruzko dokumentazioa dago ikusgai, baita bere hitzaldietako testuak eta akademiako garaiko marrazkiak ere. Unibertsitate ospetsu horretan izan zuen ibilbideak arrasto sakona utzi zuen antza, hil eta urte gutxira, 1978an, Arkitektura Eskolak —Cornell College of Architecture, Art and Planning— Martín Domínguez Distinguished Teaching Award saria sortu baitzuen haren omenez. Irakasleen aparteko dedikazioa aitortzen duen sariak gaur egun ere badirau. Egoitza berriaren irekiera eta European Collective Housing Days Institutuko zuzendariak nabarmendu du egoitza berria «aukera handia» dela institutuak arkitektura-kultura herritarrengana hurbiltzeko programak bultzatzen jarrai dezan, eta Tabakalerako Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroak eskaintzen duen diziplina-aniztasunaren bidez, besteak beste zinemarekin eta arte garaikidearekin uztartuz. Egoitza berriaz gain, institutuak webgune berria ere estreinatu du. Haren bidez, institutuarekiko interesa duen orok programetan sakontzeko eta parte hartzeko behar duen informazio praktikoa aurkitzeko aukera izango du.
Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitza berria Tabakalerako hirugarren solairuan dago, eta urriaren 7tik aurrera egongo da zabalik. Ordutegia honako hau izango da:
astelehena, itxita; asteartea, 17:00etatik 20:00etara; asteazkenetik igandera eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Nazioarteko Arkitektura Astearen barruan kokatzen da “Martín Domínguez. San Sebastián. Madrid. La Habana. New York” erakusketaren irekiera, eta programa berezi batekin batera egingo da: European Collective Housing Days jardunaldiek Europa osoko adituak bilduko dituzte urriaren 7an eta 8an, etxebizitza kolektiboaren inguruan eztabaidatzeko. Jardunaldiak institutuak Bordeleko arc en rêve zentroarekin batera bultzatzen duen Europako Etxebizitza Kolektiboaren Sariaren barruan antolatu dira, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren babesarekin. Hilaren 7an, sariaren bigarren edizioko bederatzi proiektu finalistek beren proposamenak aurkeztuko dituzte eta hilaren 8an banatuko dituzte sariak, eraikinak eta hiri-espazioa etxebizitzara egokitzeari buruzko mahai-inguruaren ondoren. Nazioarteko epaimahaia arduratuko da bi sari emateaz: bata eraikuntza berriaren kategorian, eta bestea birgaitzearen kategorian.
Horrez gain, Institutuak Arkitektura Laborategiarekin jarraituko du. Maushaus-ek zuzendutako ikastaroak 2027ko ekainera arte iraungo du, eta aurtengo edizioa etxeari, eraikinari, kaleari eta hiri-paisaiari eskainita egongo da. Bestalde, Ondarearen Europako Jardunaldietan ere parte hartuko du, urriaren 21ean topaketa bat antolatuta. Juan Aranoa euskal margolari erbesteratuak Atotxako frantziskotarren elizan egindako freskoei buruz arituko dira bertan, tenpluaren mendeurrena dela eta. Institutuak egoitza berriari egindako keinu bat izango da.
Komisarioei buruz
Martín Domínguez Ruz eta Pablo Rabasco Pozuelo dira erakusketaren komisarioak. Domínguez Ruz Bartzelonako ETSAko arkitektoa da (1984), eta Arkitekturako eta Hirigintzako masterra du Pennsylvaniako Unibertsitatean. Nazioarteko irakaskuntza- ibilbidean Züricheko ETHn, Lausanako EPFn eta Madrilgo ETSAn aritu da, eta Werk- Archithese, Arquitecturas bis eta Quaderns aldizkarietan argitaratu du, besteak beste. Carlos Arniches eta Martín Domínguezi buruzko erakusketak komisariatu dit ICO Museoarentzat, eta Domínguezi buruzkoak Habanan eta Cornell Unibertsitatean.
Pablo Rabasco Pozuelo Artearen Historiako irakasle titularra da Kordobako Unibertsitatean eta ikertzailea Sevillako Unibertsitateko ETSAn. Espainiako errepublikarren erbestealdian eta Martín Domínguez eta Carlos Arniches bezalako pertsonaien ibilbidean espezializatuta dago. “La obra del arquitecto Martín Domínguez en Cuba; 1937-1960. El exilio otro” proiektuko ikertzaile nagusia da, Habanako Unibertsitatearekin batera, eta hainbat erakusketaren komisarioa izan da ICO Museoan —COAM 2018 saria jaso zuen—, Cornellen eta Habanan.
Euskadiko Arkitektura Institutuari buruz
Euskadiko Arkitektura Institutuak arkitektura herritarrengana hurbiltzea du helburu, eta arkitekturaren, hirigintzaren, paisaiaren eta diseinuaren inguruko eztabaida sustatzea. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatzen du zentroa.
Informazio praktikoa
Urriaren 7tik aurrerako ordutegia:
Astelehena: itxita.
Asteartea: 17:00-20:00.
Asteazkenetik igandera eta jaiegunetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.
Egoitza berria
Euskadiko Arkitektura Institutua
Tabakalera
Cigarreras plaza, 1, 3. solairua
20012. Donostia / San Sebastián
Informazio gehiagorako
contact@eai.eus – www.eai.eus
Ane Rotaeche Alquiza: 601 922 572