egungo Erakusketa
Martín Domínguez. Donostia. Madrid. La Habana. New York.
06 10 2026
04 04 2027
Euskadiko Arkitektura Institutuak “Martín Domínguez. San Sebastián. Madrid. La Habana. New York” erakusketa aurkezten du Tabakaleran duen egoitza berrian, Donostian jaiotako arkitektoari eskainitako atzera begirako erakusketa.
Modernoa. Elkarlanean aritua. Bi aldiz erbesteratua. Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakalerako hirugarren solairuko egoitza berria zabaldu du Martín Domínguez Esteban donostiar arkitektoari (Donostia, 1897 – New York, 1970) eskainitako erakusketa batekin. Erakusketa antologikoak bi erbestealdik markatutako arkitekto baten ibilbidea eta figura aldarrikatzen ditu; haren bizitza eta obra Donostia, Madril, Habana eta New Yorkeko estatuaren artean banatzen dira. Bere ideia liberal eta demokratikoengatik Espainia frankista utzi behar izan zuen lehenik, eta Kuba kastrista gero. Eraikitako ondare aparta utzi zuen atzean; baina haren lana ez da aski zabaldu, eta zenbaitetan ikusezin ere bihurtu dute.
XX. mendeko arkitektura modernoaren obra handienetako batzuen egilea izan zen Domínguez, baina eskala txikiagoko dozenaka proiektu ere egin zituen, bizi izan zuen gizartearen bilakaera konplexuaren adierazgarri: etxebizitza kolektiboa, eskola eraikinak, erakunde publikoak, zine aretoak, kirol instalazioak eta turismoari lotutako espazioak. Talde-lana arkitektura berriaren oinarritzat hartzen zuen, eta ia beti beste arkitekto handi batzuekin aritu zen elkarlanean: Espainian, Carlos Arniches eta Eduardo Torrojarekin; Kuban, berriz, Honorato Colete, Miguel Gastón eta Emilio del Junco, eta Ernesto Gómez Sampera eta Mercedes Díazekin. Horren erakusgarri dira Madrileko La Zarzuelako hipodromoa (1934-36), Radiocentro CMQ eraikina (1947) eta Habanako FOCSA eraikina (1956), Ameriketako etxebizitza kolektiboaren mugarrietako bat.
Argazkia: Mikel Blasco
Donostiatik New York estaturaino
Pablo Rabasco eta Martín Domínguez Ruz komisarioek osatutako erakusketa kronologikoki egituratuta dago, Domínguezen ibilbidea markatu zuten lekuen arabera. Donostian, hiriaren garapenari lotutako familia batean jaio zen; atal horretan familia-argazkiak, udal artxiboko planoak eta 1936a baino lehen eraiki zituen etxebizitzen irudiak daude. Madrilen, Residencia de Estudiantesen eta Federico García Lorcarekin izandako adiskidetasunaren inguruan, La Zarzuelako hipodromoa nabarmentzen da, Cedexek utzitako maketarekin, baita gizarte-etxebizitzen eta hezkuntza-ekipamenduen proiektuak ere. Habanan, atalik zabalena eta ezezagunena, bere aldirik oparoena ezagutzeko aukera dago, maketekin, planoekin, argazkiekin eta eraikinen egungo egoerari buruzko bideoekin. Ibilbidea New Yorkeko estatuan amaitzen da, non Cornell Unibertsitateko irakasle izan zen hil zen arte; Lennox etxeari buruzko dokumentazioa, hitzaldien testuak eta akademiako garaiko marrazkiak ikus daitezke.
Erakusketa honen bidez, institutuak Donostiako arkitekto unibertsal honen memoria berreskuratzen lagundu nahi du, eta haren obra eta arkitekturaren gizarte-funtzioarekiko konpromisoa publiko zabalari hurbildu.
Familientzako tailerrak. Institutuko bitartekaritza-taldeak, Maushausekin batera, familientzako tailerrak antolatu ditu erakusketaren inguruan. 2026ko azaroaren 14an eta abenduaren 12an, eta 2027ko urtarrilaren 9an eta otsailaren 13an egingo dira.
Lekua:
Euskadiko Arkitektura Institua - Tabakalera