Juan Daniel Fullaondo. Hamar lan + Euskal Herriaren ikuspegi kulturala (1964-1978)
Euskadiko kulturak eta arkitekturak Euskadiko Arkitektura Institutuan bat egin dute, ‘Juan Daniel Fullaondo. Hamar lan + Euskal Herriaren ikuspegi kulturala (1964-1978)’ erakusketaren etorrerarekin. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta UPV/EHUko Arkitektura Eskolak antolatuta, proposamenak agerian uzten du Juan Daniel Fullaondo arkitekto bilbotarrak bere hiriarekin duen lotura bizia, 1964tik 1978ra bitartean egindako obraren inguruko bidaia baten bidez.
Juan Daniel Fullaondo XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal arkitekto nabarmenetakoa izan zen, eta 1964tik 1978ra 60 bat obra proiektatu eta eraiki zituen gertuko arkitektoekin eta lagunekin lankidetzan (Fernando Olabarria, Álvaro Líbano, José Luis eta Félix Iñiguez de Onzoño). Bizitegi-proiektuak (familia bakarrekoak eta kolektiboak), liburutegiak, ikastetxeak, kultura-zentroak eta osasun-zentroak dira bere ibilbidearen lehen fase profesionala osatzen dutenak.
Erakusketa honek, osotasunean bere obrari eskainitako lehenak, bere hamar lan biltzen ditu, arkitektoak Euskadin utzitako ondarea irudikatzen dutenak: Mazarredo zumarkalean (Bilbo, 1964), Mendizabalen (Durango, 1971), Negurin (Getxo, 1970), Landakon (Durango, 1975) eta Faduran (Getxo, 1976) bizitegi-blokeen bost proiektu; eskola-taldeen bi proiektu Txurdinagan (Bilbo, 1968) eta Rekaldeberrin (Bilbo, 1969); Espazio publikoko proiektu bat, Ezkurdi plaza (Durango, 1968); bulego-eraikin bat, Europako Negozio Bankua (Bilbo, 1975); eta ekipamendu publiko bat, Portugaleteko liburutegi publikoa (1973).
Atariko gisa, eraikin ikonikoak erakusten dituzten panel handiekin batera, ildo osagarri bat arkitektoak Euskal Herriko ekoizpen kultural, arkitektoniko eta artistikoari eskaini zion arretan zentratzen da, ‘Nueva Forma’ aldizkariaren bidez. Horrela, erakusketak argitalpenaren hainbat zenbaki biltzen ditu, eta jarduera horrekin definitu zuen Fullaondok, denbora-tarte berean, bere obra murgilduta geratu zen kultura-paisaia.
“Fullaondo dimentsio bikoitzean aurkezten da, Euskadiri dagokionez. Erakusketak Fullaondok 60ko eta 70eko hamarkadetan utzitako ondarea nabarmentzen du, obra sorta bat berrikusita, baita kultura-eragile gisa egindako lana ere, aldizkaritik Euskadi kultura-polo indartsu gisa sustatuz, Madrilgo eta Bartzelonako zentro historikoki hegemonikoen aurrean”.
Joaquín Lizasoain, komisarioa
Komisarioa
Joaquín Lizasoain
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera
17:00 – 20:00
Larunbata
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Igandea
11:00 – 14:00