Wildgarten, etxebizitza publikoa Vienan
Viena aitzindaria izan zen XX. mendearen hasieran etxebizitza publikoak eraikitzen. Horren adibiderik adierazgarriena Karl Marx Hof (patioa, alemanez) konplexua da. Vienako gobernu sozialistak 1923 eta 1933 urteen artean etxebizitza publikoak masiboki eraikitzeko egindako proiekturik handiena da, eta arkitekturaren eta etxebizitzaren munduko ospetsuenetako bat. 1,2km luze den etxadi batean zabaltzen da eta 1.400 etxebizitza inguru hartzen ditu. Barruko espazioa libre uzten du berdegune baterako eta komunitatearen erabilera desberdinetarako: haurren jolasguneak eta lorategiak, garbitegiak, igerileku estaliak, haurtzaindegiak, liburutegia, larrialdi medikoa, farmazia, etab.
Historiak ongi finkatutako etxebizitza publikoen eredu bat utzi du herentzia gisa Austriako hiriburuan, eta eredu hori Europako zati handi batera hedatu da. Hala ikus dezakegu ‘Bizimoduak. Elkarbizitza europan‘ erakusketan eta horrela azalduko digu Euskadiko Arkitektura Institutuan Arenas Basabe Palacios estudioko Luis Basabe arkitektoak ‘Wildgarten, etxebizitza publikoa Vienan’ hitzaldian, abenduaren 15ean.
Estudio honek Vienan eraikitako hainbat proiektu ditu. Horietako bat, ‘Garden>Courtyard‘, ikusgai dago ‘Bizimoduak’ erakusketan. 10 hektareako (1.000 etxebizitza, gutxi gorabehera) Wildgarten masterplanaren esparruan eraikitako bizitegi-blokea da. Plan hori bost urtez sortu zen, lankidetza-prozesu baten bidez, Emil-Behring-Weg aldirietako eremuan (Meidling, Viena).
Baina ez da Arenas Basabe Palacios Arquitectos estudioak Austriako hiriburuan egin duen bakarra, eta, hitzordu horretan, Basabek horietako hiruri buruzko xehetasunak eta bitxikeriak hurbilduko ditu, hiri horretako etxebizitza publikoen egungo egoera ezagutzeko asmoz. Izena eman dezakezu.



Luis Basabe Montalvori buruz
Luis Basabe Montalvo (1975) arkitektoa da Grazeko TU-ren eskutik (Austria). Politecnico di Milanoko Dipartimento di Architetturan eta Studi Urbanin (DAStU) Visiting Professor da. Gainera, Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Proiektu Arkitektonikoetako irakaslea da 2003tik, lehenik FPU bekadun gisa eta gaur egun irakasle elkartu gisa. Akisgraneko (Alemania), Cambridgeko (UK) eta Ahmedabadeko (India) RWTH unibertsitateetan ikertzaile eta irakasle gonbidatua izan da.
Arenas Basabe Palacios Arquitectos-i buruz
Arenas Basabe Palacios Madrilen dagoen arkitektura eta hirigintza enpresa da. Bazkideek, Enrique Arenas Laorgak, Luis Basabe Montalvok eta Luis Palacios Labradorrek, elkarrekin lan egiten dute 2006tik. Ordutik, hogeita hamar bat sari irabazi dituzte arkitektura eta hirigintza lehiaketetan. Hitzaldiak eman dituzte hainbat erakundetan, eta beren lana eta ikerketa aurkeztu dute nazioarteko erakusketetan. Espainian, Frantzian, Italian, Suitzan, Erresuma Batuan, Austrian, Alemanian, Zipren, Indian eta Korean argitaratu eta erakutsi dute beren lana.