‘Generoa, arkitektura eta etxebizitza’ Udako Ikastaroa
Euskadiko Arkitektura Institutuak UPV/EHUren ‘Generoa, arkitektura eta etxebizitza’ Udako Ikastaroa hartuko du bere baitan uztailaren 26an eta 27an. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak inauguratuko du, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Arkitektura eta Hiri Agendaren zuzendari nagusi Iñaqui Carnicero eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren zuzendari José Ángel Medina izango du aldamenean.
Inés Sánchez Madariagak —Eusko Jaurlaritzari aholkularitza eman dio EAEko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzei eta diseinu-arauei buruzko etorkizuneko dekretuan genero-ikuspegia txertatzeko— koordinatutako ikastaroak, hilaren 26an bertan, arlo horretan aitzindari diren profesionalak izango ditu, hala nola Franziska Ullman —Vienan kokatutako genero-ikuspegia duen etxebizitzaren lehen promozioaren egilea—. Lehenengo jardunaldi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren erregulazioan emandako urratsak aztertuko dira —Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren diseinuan genero-ikuspegia txertatzeko gida berriaren aurrerapena aurkeztuko du—; ondoren, Anna Bofillekin Walden 7 eraikin katalana aztertuko dute eta Despina Stratigakosekin emakumeen espazio arkitektonikoei buruzko ibilbide historikoa egingo dute.
Uztailaren 27an, Euskadiko Arkitektura Institututik diziplina honetako profesionalak (Nuria Matarredona Valentziako Eraikuntzaren Berrikuntza Ekologikoaren zuzendari nagusia, Begoña Serrano Eraikuntzaren Valentziako Institutuko zuzendaria, David H Falagán edo Cierto Estudio) egongo dira, eta AEBetatik hasi eta Madril, Bartzelona eta Valentziara arte egiten ari diren esperientzia pilotuak erakutsiko dituzte, Europako hainbat herrialdetatik igaroz. Lori Brownek etorkizun jasangarriarekin lotutako etxebizitza-politiketarako testuinguru feministak aipatuko ditu Ipar Amerikaren ikuspegitik, eta Lidewij Tummers holandarrak, berriz, etxebizitza-politikak defendatuko ditu, hiri ez-sexista baterako funtsezko elementu gisa; Daphne Spain Virginiako Unibertsitateko katedradunak, berriz, etxebizitza-politikek haurdun dauden emakumeak zergatik zigortzen dituzten azalduko du. Azkenik, Teresa Bocciak Europako hainbat proiekturen ikuspegia emango du.