Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala

Arkitektura artearen eta arrazoiaren mintzaira da aldi berean. Zientziaren eta artifizioaren arteko elkargunea. Historikoki mugetan ernaltzen den elikagaiaz aberastu da.

Askotariko kulturen eta identitateen gurutzagunean bizi da: naturak eta paisaiak gizakiak ordenaz duen nozioarekin bat egiten duten elkargunean; errealitatearen eta ametsen arteko ertz lausoetan; barrualdeari eta kanpoaldeari buruzko galderak eragiten dizkigun atalasean; edertasunaren idealari uko egin gabe bada ere, zerbaiten funtzioak nolakoa behar duen erantzun behar etengabeari buruzko ikerketa-lanean.

Gaur egun, arkitektura bidegurutze latz batean dago; izan ere, aurre egin behar die ulertzen eta gobernatzen izugarri zaila bilakatu den modernitate teknologiko eta multikultural berriaren erronkei.

XXI mendearen ataria besterik ez den garai honetan, parekotasunik eza pandemia bihurtu zaigu. Orain gutxiko krisi sozioekonomikoak bere aurpegirik ilunena erakutsi digu, eta pobreziaren eta bazterketaren lorratz mingarriek mutur-muturreraino eraman dituzte sozialki onargarri eta gizalegez desiragarri izan beharko lukeen jokalekuaren Mugak. Gaur egun, gure identitate hiritarraren funtsezko oinarriak arriskuan jartzea ekarri du arazo larri horrek.

Zehaztu? Egokitu? Birpentsatu? Berriro hasi? Bai hirigintzak eta bai arkitekturak tresna ezinago ahaltsuak izaten jarraitzen dute, biek ere zauriak kauterizatzeko ahal ikaragarria baitute; talaia intelektual hori aintzat harturik, gainera, biak izan daitezke oso lagungarri atzera ere ongizate indibidual eta kolektiboaren arteko orekak definitzeko, denon ongia bilatu behar ezinbestekoan.

Bide berriak pentsatzeko eta definitzeko tresnak eman behar dizkigute biek ala biek, horrek elkarbizitzarako guneak diseinatzen eta gizarte eta hiri orekatuago eta justuagoetan bizitzeko dugun nahia asetzen lagundu diezagun.

Laugarren edizioa
2023ko azaroa

2023ko azaroan laugarren aldiz ospatu da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatzen du proiektua, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren bitartez.

Beste urte batez, Mugak/-ek bide-gurutze bat izateko asmoari eutsi dio, izaera plurala, zeharkakoa eta kultura anitzekoa izango duen topagune bat, elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketa sustatu eta berpizteko, estrategia berriak aurrez aurre jartzeko eta irtenbideak bilatzeko aukera eman duena, gizarte etikoago, bidezkoago eta orekatuago bati forma eman dioten muga berriak elkarrekin birdefinitzeko.

Laugarren edizio hau ‘Berreraiki, berpiztu, berrasmatu‘ izenburupean ospatu da. Kontzeptu horien inguruan gogoeta egitea izan du helburu, krisi ekologiko, sanitario, ekonomiko eta sozialeko garai nahasi hauetan bizirauten laguntzeko. Hori guztia gaur egungo larrialdi-testuingurutik egin nahi du, non sormen ausart eta disruptiboa sortzen ari den.

Hori herritarrei eta hiri-bizitzan parte hartzen duten eragile guztiei irekitako kultura-azpiegitura gisa planteatu den Bienal batean izan da, maila globalean gertatzen ari diren eztabaidekin lotu gaituzten elkarrizketak eta hausnarketak sortzeko. Mugako topagune bat, unean uneko larrialdien eta etorkizun posibleetarantz proiektatuko gaituzten proposamenen premiaren artean igarotzeko aukera emango diguna.

Informazio guztia hemen kontsulta daiteke.