Peña Ganchegui Birmarraztuta

Peña Ganchegui Birmarraztuta

11.07.2024 — 08.09.2024

11
07
2024

08
09
2024

Euskadiko Arkitektura Institutuak Peña Ganchegui Artxiboaren ‘Peña Ganchegui birmarraztuta’ erakusketa berria hartuko du irailaren 8ra arte. Artxiboak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuenetik antolatutako lehen erakusketa da. Hitzarmenari esker zentroak Luis Peña Ganchegui arkitektoaren edukiak hartzen ditu eta argitalpenen eta erakusketen bidez zabaltzen ditu. 

Lehenengo erakusketa hau Toledoko Arkitektura Eskolako ikasleek egindako zenbait lanek osatzen dute, eta arkitekto gipuzkoarraren bederatzi lan aztertu dituzte. Horrela, lan horien emaitza grafikoa erakusten da, Artxiboaren beraren funtsen hautaketarekin kontrajarrita, planoz, krokisez, maketaz, argazkiz, dokumentuz eta argitalpenez osatua. Hautatutako obrak honako hauek dira: Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1958), Olazabal etxebizitzak (Mutriku, 1962), Trinitate plaza (Donostia, 1963), Imanolena etxea (Mutriku, 1964), Asisko San Frantzisko eliza (Gasteiz, 1968), UFGren biltegia (Donostia, 1973), Haizearen Orraziaren plaza (1975), Haurtzaro ikastola (Oiartzun, 1976) eta Foruen plaza (Gasteiz, 1979). 

Erakusketa Eskolaren eta Artxiboaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen, Begoña López eta Emilia Benito irakasleek Instalazioak II irakasgairako azterketa-kasu gisa Euskadin kokatutako arkitektura-lan batzuk aukeratu zituztenean, besteak beste Luis Peña Gancheguiren bederatzi proiektu. Azterketan sakontzeko asmoz, taldea Euskadira joan zen haiek bertatik bertara ezagutzera, eta Peña Ganchegui Artxiboa bisitatu zuen, ikasleei lan bakoitzari buruzko informazioa emateko.  

“Garatutako ariketaren enuntziatuaren helburua izan zen ikasleek ulertzea instalazioak proiektu arkitektonikoaren alderdi integrala direla. Sáenz de Oizak Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Instalazio klaseetan azaldu zuen bezala, eraikina giza gorputz batekin aldera daiteke, non egitura, eraikuntza eta instalazioak haren hezur eta zainak diren. Zati horiek estuki konektatuta egon behar dute, eta bakoitzak bere espazio eta leku egokia izan behar du multzoak behar bezala funtziona dezan”, azaldu du Rocío Peña Ganchegui Artxiboko zuzendariak. 

Erakusketak arkitekto gipuzkoarraren bederatzi lanen inguruan egindako lanen emaitza grafikoa aurkezten du, eta artxiboko funtsen aukeraketa batekin lotzen du. Artxiboan eta XX. mendearen bigarren erdian eragin handiena izan zuen euskal arkitektoetako bat izan zenaren 75.000 dokumentu baino gehiago daude. Horrela, aztertutako obrari buruzko informazio osagarria izateaz gain, Peña Ganchegui Artxiboko materialaren adibide txiki batez gozatu ahal izango dute ikusleek. Lan bakoitzean, erabilitako irudikapen-moduek arkitektura hautemateko modua baldintzatzen dutela ikusi ahal izango da. Horrela, birmarrazteko ariketak guztien irakurketa berri bat eskaintzen du. 

Argazkiak: Mikel Blasco

Inaugurazioa:
Uztailaren 11an, 19:00etan

Sarrera librea lekuak bete arte

-

Erakusketaren ordutegia:
Asteartetik ostiralera
17:00 – 20:00
Larunbata
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Igandea
11.00 – 14.00