Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa

Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa

15.03.2024 — 06.10.2024

15
03
2024

06
10
2024

‘Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa’ gure 2024ko lehen erakusketa da. Bordeleko Arc en Rêve Centre d ‘Architecturetik etorri da. 2021eko irailean aurkeztu zen bertan, zuhaitzen izaera arkitektonikoa berresteko eta horiek hausnarketa arkitektonikoaren xede izan direla nabarmentzeko.

Nahiz eta adreiluak bezalako materialen zehaztasuna adarrak edo sustraiak bezalako elementuen izaera iragarrezinari kontrajartzen zaion, egia esan, zuhaitzek leku garrantzitsua dute arkitekturaren historian. Alde batetik, mendeetan zehar eraikuntza-material nagusietako baten iturria izan dira. Bestalde, diseinu arkitektonikoaren eta hiri-garapeneko proiektuen funtsezko elementuetako bat dira. Batzuetan babestuta, batzuetan esku-hartze desberdinetan txertatuta, zuhaitzak bat datoz askotan arkitekturako, hirigintzako eta paisajismoko profesionalen asmoekin.

‘Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa’ erakusketak arkitektura eta zuhaitzak beti estuki lotuta egon direla islatu nahi du. Horretarako, mundu osoko eta hainbat garaitako adibide ugari biltzen ditu. Aretoen espazio osoan baso bat balitz bezala banatuta, paisaia jarraitua definitzen dute, eta jendeari aukera ematen diote askatasunez ibiltzeko, lotura askeak sortzeko eta beren interpretazio-sare propioa eraikitzeko.

Jatorrizko erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren espazioetara egokitu da, eta tokiko adibideen bidez zabaldu da, eskualdeko arkitektura-, hiri- eta paisaia-gaurkotasunera egokitzeko. Guztira, 23 adibide zehatz aurki daitezke, formatu desberdinetan irudikatuak: maketak, grabatuak, marrazkiak, argazkiak, liburuak eta ikus-entzunezko materialak, esaterako.

Arboretum berezi bat

Arboretum bat lorategi batean kokatutako zuhaitz bilduma bat da, eta erakusketa erreferentzia horretatik abiatzen da. Honek, zehazki, mundu osoko adibideak biltzen ditu, 25 bilduma baino gehiagotatik datozenak.

Ikusgai dauden piezen artean, Londresko Drawing Matter bildumako marrazkiak (1796-1959) daude. Horien artean, Le Corbusier bezalako egileenak daude, marrazkigintzak pentsamendu eta praktika arkitektonikoan duen rola aztertzen dutenak. Álvaro Siza arkitekto ezagunak egindako zirriborroak ere badaude, eraikinak eta landareak irudikatzeko arkatzezko marra berberak erabiltzen zituenak.

Planoek, irudiek eta maketek beste hainbeste kasu islatzen dituzte, non zuhaitzak inspirazio iturri izan diren munduan zehar proiektuak diseinatzeko. Horien artean, 2020an Japoniako Joko Olinpikoetarako eraiki ez zen estadio bat dago, honako ideia honetan oinarritu zena: landatutako lurzoruek nola aurre egin diezaieketen klima-aldaketaren ondorioei hiri-inguruneetan, euriaren ura gordez. Edo daita2019 Etxea (Japonia) ere aurki daiteke. Haren diseinua aldamio eta plataformetan oinarritzen da, eta horien artean zuhaitzak hazten dira. Zuhaitz bat bezala, okupatzaileen beharren arabera eboluzionatzeko gai den etxe baten zabaltasun-sentsazioan inspiratu zen.

Zuhaitzek eraikitzen duten ingurune naturala ere funtsezkoa izan da arkitekturako profesionalentzat. Erakusketan Sri Lankako hotel baten kasua ikus daiteke. Hotel hori dagoen basora egokitzeko diseinatuta dago, eta teilatuaren gainean zuhaitz gehiago landatu dira, bistara desagerrarazi dadin. Edo Estatu Batuetako supermerkatu kate baterako eraikitako baso-eraikin bat, lursaileko zuhaitzak moztu beharrean eraikina bitan zatitu zuena, bere lekuan gera zitezen.

Inspirazio edo agertoki gisa ez ezik, zuhaitzak eraikitzeko ere erabili dira. ‘Arboretum’-en Arabiar Emirerri Batuetako Oasis Sharjah-ren kasua islatzen da. Bertan, OFFICE estudioak palmondoak metalezko sareen artean kokatu zituen hiriaren erdigunean, eta bertan biltzeko eta freskatzeko espazio bat eraiki zuen. Edo Ilustraziotik abiatuta Euskadin sortu ziren zumardiak, hiri harresituei aisialdirako espazioak emateko.

Oraingo honetan erakusketara gehitu den tokiko kontzeptuetako bat zuhaitza elementu sinboliko gisa da, haren itzalpean eratu baitzen lehen espazio politikoa. Euskal tradizioa zen eta Espainia iparraldeko beste kultura batzuetakoa, leku sakratu, espiritual edo osagai instituzionala zuten lekuetan zuhaitz bat edukitzea, eta adibide gisa hiru euskal zuhaitz ezagun agertzen dira.

Programa osagarria

‘Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa’ erakusketa 2024ko urrira arte egongo da zabalik. Bitarte horretan, erakusketako hausnarketak aretoetatik ateratzeko jarduerak antolatuko dira. Ikusi itzazu.

Gainera, Euskadiko Arkitektura Institutuak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora bitarteko eskola-taldeentzat. Bertan, erakusketaz gain, eraikin berezi hau ezagutzeko aukera izango dute, Donostiako Alde Zaharraren bihotzean, Urgull mendiaren magalean. edu@eai.eus helbidean eska daitezke.

Argazkiak: Mikel Blasco

Asteartetik ostiralera
17:00 – 20:00
Larunbata
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Igandea
11.00 – 14.00

Martxoaren 25etik apirilaren 6ra
Astelehenetik igandera
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00

 ↓