Euskadiko
Arkitektura
Institutua
Instituto
de Arquitectura
de Euskadi

 
 

Arkitektura, pentsaera, debate, lankidetasun, ikerkuntza, etxebizitza, nazioarteko, hirigintza, topaleku, interpretazio, paisaia, hiritartasun, iraunkortasun, mugak, berrikuntza, diseinu, bienal, ondare...

 

Euskadiko Arkitektura Institutuaren misioa da Arkitektura herritarrei hurbiltzea eta sozialki arkitekturarekiko zaletasuna sortzea oro har, kulturaren eta herritarren inguruko gozamentzat jota.

Arkitektura, hirigintza, paisaia eta diseinuaren inguruko pentsamendua eta eztabaida sustatzea. Ezagutza sortzea eta, publiko espezializatutik haratago, publiko orokorrak eskuratu ahal izatea erraztea. Euskadiko Arkitektura Garaikidea nazioarteko mailan sustatzea.

Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua modu irekian kudeatzen da, eta bertan irabazi-asmorik gabeko erakundeak sartu ahal izango dira, baldin eta beraien helburua bada arkitekturaren ikerketa, zabalkundea eta sustapena.

Gainera, Euskadin tradizio zabala duten eta arkitekturarekin lotuta dauden instituzioekin sinergiak bilatuko dira, hala nola, Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi-Eskola Teknikoarekin.

 

 
 
 
 
 

 

 

 

15
03
2019

28
07
2019

Tabula Non Rasa

Milaka urtean zehar, etengabe aldatu beharraren nozioa ordezkatu izan du arkitekturak. Arkitekturaren historiako eraikin gehienen gaur egungo itxurak ez dauka zerikusirik jatorrian zuenarekin; denborarekin, den-denen itxura aldatu egin da, halabeharrez aldatu ere. Horrelaxe egin diote aurre eraikinok denboraren joanari, eta hasieran zertarako diseinatu zituzten gorabehera, garaian garaiko funtzioetara egokitu behar izan dituzte. Hala, jauregiak etxebizitza-eraikin bihurtu dira; elizak, igerileku estali, eta koliseoak, auzune. Mugimendu modernoak hautsi zuen, aldez edo moldez, tradizio horrekin: hirietako alde zaharrak zaharkituta zeudela iritzi, eta tabula rasa eginez, etorkizuneko hiriak iraganaren arrastorik gabe eraiki beharra aldarrikatu zen.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, tabula rasa egin behar ustez aurrerazale hori bihurtu zen nagusi mundu osoko arkitekto postmodernoen artean. Harrezkero, hamarkadaz hamarkada, arkitektura-lanek gero eta denbora gutxiago irauten dute. Eraikin baten funtzioa edo jabea aldatzea aski izaten da hura eraitsi, eta haren ordez, beste eraikin bat eraikitzeko.

Egia ere bada, ordea, gero eta kritika gehiago egiten zaizkiola eraisketaren kultura horri. Gaur egun, arkitekto asko ari da ikertzen eraikinen berrikuntzaren eta eraldaketaren alorrean. Berrinterpretazio espazial eta funtzional horretan, arkitektoek potentzialtasun poetiko itzela eta esperimentaziorako eremu ezin emankorragoa aurkitu dute, berrikuntza- eta eraldaketa-lanek forma ugari har baititzakete. Eraikuntza-arauei dagokienez, ez dago aurrez definituriko biderik, abiapuntu guztiak desberdinak dira eta, gehientsuenetan, oinarriak ere ez dira oso argiak. Hori dela eta, egin beharreko lana zein den, eraikin bat eraldatzea edo eraikin bat eraikitzea, arkitektoek oso bide desberdinak urratu behar izaten dituzte.

Erakusketa honetan, enpatia arkitektoniko horren erakusgarri, hiru proiektu daude ikusgai, bakoitza eskala hauetako batekin estuki lotua: etxea (AGPS architects eta Jenny Rodenhouse), auzunea (Lacaton & Vassal, Druot, Hutin) eta hiria (ETH MAS Urban Design). Denen abiapuntua berbera da: alegia, sekula ezin garela hutsetik abiatu, beti dagoelako zerbait gure esku-hartzeen aurretik. Alde horretatik, arkitekturak ez dauka inoiz erabat berria izaterik; aitzitik, arkitektura aurrez dagoena eraldatzean datza beti.

Ilka & Andreas Ruby

Komisarioak

[Ordutegia irekiera]
Osteguna Ostirala
17:00 – 20:00
Larunbata Igandea
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
 
Prentsa-oharra
Tabula Non Rasa


Prentsa-oharra Saria
Mies van der Rohe 2019


Prentsa-oharra
Aste Santuan


Prentsa-oharra
Luzapena

 
 
 
 
 

 

 

 

08
11
2018

09
12
2018

Housing the Basque Country

Etxebizitzaren alorrean Eusko Jaurlaritzak bultzatutako politikaren emaitzak erakusten ditu Housing the Basque Country erakusketak, gai horri buruzko eskumena transferitu zenetik (1981) gaur egunera artekoak. Etxebizitza publikoaz dauden ikuspegi guztiak labur eta orekatsu azaltzea da erakusketaren xedea; izan ere, gai horrek errealitate sozial ugari biltzen ditu: politika, arkitektura, ekonomia, ekoizpena, soziologia, historia, legedia…, eta, jakina, etxean bizi denak du lehentasuna. Gizartearen interes nagusiak biltzen ditu etxebizitza publikoak, etxeaz dugun ikuspuntuari ez ezik beste arlo hauei ere eragiten baitie: hura lortzeko eta ekoizteko moduari, hirigintzari, elkartasunari eta, azken batean, aberastasunaren sorrerari, aurrerapenari eta ongizateari.

Erakusketako hogeita hamar proiektuen bidez ikusiko dugu zer bilakaera izan duen etxebizitza babestuak 1981 – 2018 epean. Irizpide hauen arabera hautatu ditugu proiektuak: noiz gauzatu ziren, lurraldekako banaketa — hiriburuen edo herri txikiagoen arteko oreka —, sustapen-mota, tipologiaren eta hiriaren bilakaera, arkitektura- eta eraikuntza-balioa eta inpaktu soziologikoa.

Kontu handiz egindako argazkiak ere baditu erakusketak, hautatutako sustapenen errealitate sozialaren eta hiri-giroaren adierazgarri. Formatu anitzeko argazkien bidez ikusiko dugu zer jarduera-mota garatzen ziren hautatutako sustapenetako hiri-eremuetan. Bultzada publikoaren bidez eraiki ziren bizileku horietan sustraitutako bizitzen narrazio errealista da lan honen espiritua.

Azkenik, gure egungo etxeetako espazioaren oinarrizko elementuen kontzeptu-eraikuntza bat ere ikusgai dago erakusketa honetan, hau da, espazio horren edukitzailea eta hura eratzen duten elementu ukigarriak eta ukiezinak, hala nola intimitatea eta erosotasuna.

Asier Santas Torres

Luis Suárez Mansilla

Komisarioak

[Ordutegia Abenduaren 9 arte]
Ostegunetik igandera eta jaiegunak
11:30 etatik 14:30 etara
eta 16:30 etatik 20:00 etara

 
 
 
 
 

 

 

 

30
05
2019

Debako Zubiaren Zaharberritua

Hizlariak: Javier León (Bide, Ubide eta Portu Ingenieritzan doktore, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa Irakasle titular, Fhecor) & Iñaki Jaime (Bide, Ubide, Portu Ingenieroa, Inkelan S.L.). Gipuzkoako Foru Aldundia-Diputa, zikloan Ondarea Orain — Arkeologia eta Arkitekturako Kultur Ondareari buruzko Azken berriak.

[Sarrera irekia,
aretoa bete arte]
19:00

 
 
 
 
 

 

 

 

17 | 18 | 19
09
2019

Lacaton & Vassal, ‘Mies van der Rohe’ sariaren irabazleek, irailaren 17tik 19ra egingo den EHUren etxebizitzari buruzko uda-ikastaroari amaiera emango diote

Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI | IAE) ‘RE-vivienda: I laboratorio de vivienda en Euskadi’ izenburua duen ikastaroa gauzatuko du, eta bertan, besteren artean, habitataren birdentsifikazioa eta malgutasuna landuko dira. Egun horietan Donostiako Santa Teresa komentuan ‘Tabula non rasa’ doako erakusketa zabalduko da berriz ere, bertan Europar Batasunaren sari ospetsua irabazi duen Lacaton & Vassal taldearen lana erakusteko.

Etxebizitzaren eta arkitekturaren sektoreek hitzordu saihetsezina dute irailaren 17, 18 eta 19an Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI | IAE), Donostiako Santa Teresa komentuan duen egoitzan. Egun horietan ‘RE-Vivienda: I Laboratorio de Vivienda en Euskadi’ izenburua duen uda-ikastaroa egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Arkitektura Institutuaren bitartez antolatu dute, eta hiru gai landuko dira: “habitataren birdentsifikazioa landa-ingurunean, habitataren birdentsifikazioa hiri-ingurunean, eta habitataren esperimentaltasuna eta malgutasuna”. Izena emateko epea irekita dago jada. Ikastaroa Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala hasi aurretik egingo da.

Uda-ikastaroa azpimarragarria da bere irakasleen mailarengatik. 26 hizlarien artean Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal frantziarrak nabarmentzen dira. Biok sortu zuten estudioari aurten Europar Batasunaren Arkitektura Garaikideko Saria, ‘Mies van der Rohe’ deitutakoa, eman diote. Bordelen 60ko hamarkadako hiru eraikin handiren eraldakuntzan egindako produkzio arkitektonikoaren kalitatearengatik eman die saria Europar Batasunak.

Lacaton & Vassal-ez gain, ikastaroan beste hainbat hizlari interesgarrik hartuko dute parte, hala nola: Xavier Monteys, Josep Ricart edo Inés Sánchez Madariaga. Monteys Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Proiektu Arkitektonikoen Departamentuko katedraduna da eta Bartzelonako Arkitektura Eskolan eskolak ematen ditu, eta horrez gain HABITAR taldeko ikertzaile nagusia da. Gainera, hainbat liburu idatzi ditu, adibidez ‘Casa Collage’, eta zutabegile gisa dihardu El País egunkarian.

Josep Ricart HArquitectes estudioko kideetako bat da; lau arkitekto gaztez dago osatuta estudioa, eta sari ugari jaso ditu. Sánchez Madariaga genero-ikuspegian aditua da Madrilgo Eskolako UNESCO Katedran.

Jardunaldi horietan, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Bizigarritasunari eta Diseinu Arauei buruzko Dekretu berriaren aurkezpena egingo da, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainen eskutik.

Uda-ikastaroaren garaian, Anne Lacaton eta Jean Philippe Vassal bertan direla aprobetxatuz, ‘Tabula non rasa’ erakusketa berriz ere zabalduko da jendearentzat; erakusketaren zati nagusiak estudio frantziarraren lana, 2019ko ‘Mies van der Rohe’ saria lortu duena, azaltzen du. Erakusketa hori Euskadin ikusteko azken aukera izango da. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, irailaren 17tik 19ra arte 2019.

[Ordutegia irekiera]
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
 
Prentsa-oharra

 
 
 
 
 
 
 

 

 

 

 
 

Euskadiko
Arkitektura
Institutua
Instituto
de Arquitectura
de Euskadi

Convento
Santa Teresa
Konbentua
Elbira Zipitria 1
20003 Donostia
San Sebastián

 

contact
[at] eai
[puntu] eus